Zientziak eta bertsoek ekuazioan bat egin zutenekoa

uriola.eus 2015ko ira. 25a, 12:18

Bost zientzialarik eta hiru bertsolarik ikuskizun berean parte hartuko dute larunbat arratsaldean Bizkaia Aretoan. Hiru partaidek, hizkuntzalari batek eta astrofisikari bik, ekuazioaren osagaiak aurreratu dizkiote URIOLAri. Hizketan hasita, zientziaren egoerari eta erronka pertsonalei buruz ere mintzatu dira.

Jendeari "grazia" egiten dio ergatiboak Itziar Laka hizkuntzalariaren esanetan. Are gehiago azkenaldian, Patxi Huartek, 'Zaldieroak', bere komikietan egin dion lekua dela eta. Ergatiboaz badaki "zertxobait" Itziarrek, bere ikerlanetako "zati bat" baita. Larunbateko ikuskizunean, bere 5-10 minutu bitarteko jendaurreko txandan, ergatiboaren inguruko "azalpentxoa" emango du. "Jendeak ez dakien gauza pare bat" ere botako ditu, eta tartean "sorpresatxoren bat" ere bai. 

Ikerketarako garai "latzean" zuzentzen duen taldeari eustea da Itziarren erronketako bat. Atzetik datozen zientzilariei bidea erraztea nahiko luke eta "ezin ase daiteken bere jakin-minari" jaten ematen jarraitzea.

Bertsolariak inspiratu asmoz, fisikaren mugetaz hitz egingo dute Naiara Barrado eta Itziar Garate astrofisikariek larunbateko bertso-saio zientifikoan. Eguzki sistemako atmosferak ikertzen dituzte biak ala biek. Gai mamitsua izanik beraiena, "antzerkitxo" bidez erabaki dute "gure jakin-mina unibertsoan noraino iritsi den" erakustea, eta bide batez pelikuek zabaldu dituzten "uste okerrak" zuzentzea.  

Eguneroko lanean bi astrofisikarien egoera oso desberdina da. "Urte batzutarako" lan kontratua du Naiarak, egungo taldean mantendu ahalko den "ez daki" Itziarrek. Bien helburua da lan egonkortasunaren formula asmatzea.

 

Saioa

Bost zientzialari eta hiru bertsolarik gai bat hartu eta horren inguruko azalpen laburrak emango dituzte. Hamar minutuko hitzaldi laburrek argia, astronomiaren egungo egoera, adimen artifiziala eta gure hizkuntzan bereizgarria den ergatiboa izango dute hizpide. Kike Amonarriz aurkezle eta soziolinguistaren laguntzaz bertsolariek informazioa deskodetu eta doinua eta errima jarriko diote zientzia-gaiei.

 

Zientzilariak

Jon Mattin Matxain UPV/EHUko irakasleak, ikertzaileak eta kimikari kuantikoak 2015. urtea 'Argiaren urtea' izendatu dela gogoan izanik, zalantzak argitzen ahaleginduko da: “Argia uhina ala partikula?”.

Naiara Barrado eta Itziar Garate UPV/EHUko Zientzia Planetarioen taldeko ikertzaileek, irakasleek eta astrofisikariek espazioari buruzko jakin-minaz hitz egingo du: “Noraino eraman gaitu gure jakin-minak?”.

Gorka Azkune Deustuko Unibertsitateko ikertzaileak, irakasleak eta adimen artifizialean aditua den informatikariak adimen artifizialaren kontzeptuak hurbilduko ditu: “Neurona sareak adimen artifiziala eratzeko”.

Itziar Laka hizkuntzalariak eta UPV/EHUko ikertzaileak, irakasleak eta hizkuntzalariak euskararen egiturari so egingo dio eta Zaldieroa komikigileari omenaldi txiki bat eskainiz, hark hainbeste maite duen ergatiboa adibide hartuko du: “Zaldieroa dixit: ez dezagun ergatiboa kendu!”.

 

Bertsolariak

Amets Arzallus, Andoni Egaña eta Miren Amuriza dira zientzilarien erronkari erantzungo dioten bertsolariak.

 

Hitzordua: Bilboko Bizkaia Aretoan, irailaren 26an, arratsaldeko 18:00etan. Sarrera doakoa izango da.