Euskal pikaderoa

Lander Otaola, aktorea 2015ko ira. 29a, 10:25
'Pikadero' filmaren fotograma bat. Argazkia: @PikaderoFilm

Azkuna Zentroak Donostiako Zinema Jaialdian estreinatutako zazpi film luze proiektatuko ditu aste honetan. Ostegunean, urriak 1, Ben Sharrocken 'Pikarero' euskaraz errodaturiko Espainiaren eta Britainia Handiaren arteko koprodukzioa ikusi ahalko da. Krisi ekonomikoa dela-eta, ezkontza-eginbideak bete ezin dituen bikote baten historia kontatzen du. Lander Otaola da aktoreetako bat.

Aurten Euskal Herrian oso pelikula berezia egin da, eskoziar batek zuzenduta baina euskaraz filmatuta eta zortea izan dut bertan parte hartu dudalako.

Oso pozik eta harro nago.

Donostiako Zinemaldian harrera ezin hobea eduki du nahiz eta saririk gabe bueltatu.

Kritikek diote Kaurismaki, Tati edota Wes Andersonen itxura daukala, baina nik 'Sharrock' estiloa aldarrikatzen dut.

Plano ikusgarriak, elkarrizketa absurdoak eta pertsonaien seriotasun komikoa dira bere osagaiak.

Zer esan aktoreei buruz? Joseba Usabiaga da protagonista hutsa. Bera da Pikaderoren arima eta begirada. Aktore bikaina dela erakusten du erregistro aldaketa honetan. Gauza onak merezi dituen pertsona da Joseba.

Barbara Goenagak pertsonaia atsegina, ezberdina eta kutsu handikoa egiten du. Komeria gehiago egin behar du Barbarak, barruan dauka. Aktore eklektikoa. Ilusio handia egin dit ia zazpi urte eta gero berarekin lan egiteak berriro ere.

Pelikulan Itziar Lazkano, Zorion Egileor, Pedro Arnaez...  ere ateratzen dira protagonistaren familia osatzen. Sekulako aktoreak dira guztiak, badakizue.

Kide eta lagun onak.

Eta urriaren 1ean 'Pikadero' filma Bilbon ikusteko aukera izango dugu Azkuna Zentroan arratsaldeko zortzietan.

Benetan merezi du (eta ez dut esaten barruan nagoelako) filma hau ikusteak, joaten ez bazarete hilabete asko itxaron beharko duzue bere festibal ibilbidea bukatu arte.

Gelditu izen hauekin: Ben Sharrock (zuzendaria eta gidoilaria) eta Irune Gurtubai (produktorea) etorkizuna direlako. Gure zinearen azken belaunaldia dira eta geratzeko etorri dira bere ikuspegi ausartarekin.

Gora euskal zinema!

 

Lander Otaola, aktorea