Berri Txarrak taldearen atsedenaldi batean sortu zen duela hamar urte Peiremans+ taldea. Bost kantuko lehen lana da, oraingoz, grabatuta dagoen bakarra, taldearen izen berekoa (Bonberenea, 2005). Lesio bat zela medio Realarekin debuta egiterik lortu ez zuen jokalari belgikarrari hartu zioten Peiremans izena, “galtzaileen eta zoritxarrak jotakoen omenez”.
Badok.info webgunearen bidez zabaldu zen bandaren itzuleraren berria.
Hasteko, azaroan, bost kontzertu egingo ditu taldeak: azaroaren 5ean, Bilboko Kafe Antzokian; 6an, Gasteizko Jimmy Jazz areotan; 7an, iruñeko, Zentralean; 12an, Donostiako Dabadaban; eta, amaitzeko, 15ean, Tolosako Bonberenean. Baliteke, birari data gutxi batzuk gehitzea.
2005eko udaberrian bezalaxe, oraingoan ere berragerpena laburra bezain trinkoa izango da. J'oan ginen baina hemen gaude oraindik'; hala irakurri daiteke bira berria iragartzeko plazaratu duten kartelean. Duela 10 urte Bonberenea Ekintzakekin argitara eman zuten EPko kantu bati keinu eginez itzuli dira. Bira txiki bat egin zuten orduan, baina jende askok kontzertu sorta horren ondoren ezagutu zuen Peiremans+. Taldekide bakoitzak bere bide propioari ekin zion ordea (nor bere bidetik, hamarkada emankorrena osatuz ziurrenik). Bien bitartean, Peiremans+ comboaren kantuek bere bidea egiten jarraitu zuten. Hamar urteren bueltan, zuzenekoen indarra berreskuratuko dute EP gogoangarri haren abestiek.
Bira berria, ordea, ez da atzera begirako hutsa izango. Hiru kantu berri prestatu eta beste horrenbeste bertsiorekin datoz. Abesti berrietako bi grabatu egingo dituzte gainera, laster single digitala kaleratzeko asmoz. Gitarrak zorroztuta eta pop melodia argitsuak gertu, gozatzeko tenorea da. Etiketatik haratago, lau lagun oholtza gainean, "ligaxka" duin bat osatzeko gogoz. Has dadila partida.
Gaurko kontzerturako sarrera guztiak agortuta daude.