Obren gaineko “berri falta” eta kaleetako eta plazetako urbanizazio planari buruzko informazio eza “jasanezina da” Iralako auzo elkarteak salatu duenez. Joan den uztailaren 8an Aburto alkateari zuzendutako idatziaren erantzunik ez du jaso, oraindik orain, elkarteak. “Errespetu falta eta mespretxu egoera jasatzen gaude”, adierazi dute elkartekideek ohar batean. Ria 2000 eta Bilboko Udalak “auzo oso bati ez diote jaramonik egin nahi”. Hasieran, hauteskundeak zirela eta, gero egokitzeko epea zela eta. Argi dute, erakundeentzat Iralak “ez du existitzen edota ez dauka inolako lehentasunik”.
Erantzunik ematen ez dien agintari horiei zuzendu da Iralako auzo elkartea “hemen gaude” esateko. “Haserre eta erantzun baten zain. Nahiko da! Erantzunak behar ditugu”, salatzeko. Eta behar dituzten erantzunak zehaztu ditu elkarteak. “Obren amaiera, hesien kentzea eta urbanizazio proiektuan parte-hartze prozesua zabaltzea” eskatzen du. Aipatutako helburuak lortzeko “edozein bide edota instantzia” erabiltzeko prest agertu dira elkartekideak.
Aldarrikapenak eta haserrea “ikusarazteko” kalera ateratzeko deia zabaldu dute gaur, urriak 2, elkartekideek. “Bilboko auzotar garen aldetik, hiritar tratu duina demantzatzeko”.
Manifestazioa 19:00etan abiatuko da Eskurtze biribilgunetik eta Juan de Garay, Pablo Picasso eta Irala kaleak zeharkatu ostean, Eskurtze plazan bukatuko da.