"BAKEA, gure ERABAKIA"

Aitziber Ibaibarriaga 2015ko ira. 30a, 16:38

Horrela da, bai. "Bakea erabakia" da EH Baik eta EH Bilduk urriaren 3rako Donostian deitu dugun manifestazioaren leloa. Gogoan izango duzuenez, joan den asteartean Baigorrin poliziak ETAren aurka egindako operazioak alarma piztuta egin genuen mobilizaziorako deialdia. Izan ere, inongo bake eta konponbide logikatan ez da sartzen armagabetze prozesuan dagoen erakunde baten kideak atxilotzea. 

Hala ere, manifestazioko leloak erantzun hutsa izan baino, esanahi zabalagoa hartu nahi du. Azalduko naiz. Gaur egun bizirik gauden belaunaldiok, ez dugu inoiz bake egoerarik ezagutu. Ezta gure aitite-amamek ere. Minez betetako herria gara, eta uste dugu, heldu dela garaia hau aldatzeko. Datozen belaunaldiak bakearen eta askatasunaren belaunaldia izan behar dira; horixe da gure erabakia!

Baina erabakiak ez dira erabaki izate hutsagatik betetzen; ez, behintzat, horretarako bitartekorik ez bada jartzen. Are gutxiago, norbait erabaki horiek zapuzteko erasoan ari denean. Horregatik, gure erabakiaz gain, gure erronka ere bada. Eta horregatik, indarrak batu eta ilusioz ekin behar diogu herritarron erabakia egia bihurtu arte.

Honezkero, gauza jakina da bake eszenatoki batek zein osagai izan behar dituen. Adibide faltarik ez dugu, behintzat: Irlanda, Hegoafrika, orain Kolonbia…  Batetik, jarduera armatuaren behin betiko amaiera legoke. Horretan dabil ETA, ezta? Nahiz eta estatu frantsesak eta espainolak ez-ikusiarena egin. Bestetik, atxiloketen eta jazarpen polizialaren guztizko amaiera etorri behar litzateke. Hortik oraindik urrun gaude. Beste puntu bat da, legearen arabera kalean behar luketen presoak atera behar direla; dispertsioa amaitu behar dela; eta, azkenik, progresiboki urte gutxiren buruan denek kalean behar luketela. Horrela izan da beste gatazketan ere. Baina guzti honekin batera, bada beste eginbehar garrantzitsu bat: guzti-guztion artean herri honetan gertatutakoaren errelatoa idatzi beharko dugula berriro horrelakorik gerta ez dadin.

Hori guztia eginda, pauso ederrak emanak genituzke bakerantz. Baina ez gaitezen engaina: benetako bakea nahi badugu herri honen erabakiak aurrerantzean errespetatuak eta aitortuak izan beharko dira. Horrela izan ezean, etorkizunean ere bakerik gabeko herria izatera kondenatuta egongo baikara.

Gure erabakia eta gure erronka egia bihurtu daitezen astindu ditzagun bazterrak, eta mugiarazi mendiak, beharrezkoa bada. Lor dezakegu! Urriaren 3an Donostian elkartuko gara!

 

Aitziber Ibaibarriaga 

EH Bilduko Bilboko bozeramailea