Aiko taldea, hamar urte jendea dantzan jartzen

uriola.eus 2015ko urr. 5a, 08:15

Musikarien eta dantza-maisuen kolektiboak urteotan guztiotan 4.000 pertsona baino gehiago erakarri dituen Dantzaldi Ibiltariaren edizio berri bat aurkeztu du. Gaur ekingo diote ikastaroek Bilbon. Bi maila eskainiko ditu Aikok, hastapen ikastaroa eta aurreratua.

Aiko taldeak, Euskal Herriko dantza tradizionalak zabaltzen diharduten musikarien eta dantza-maisuen kolektiboak, matrikula egiteko epea ireki du, dantza tradizionalean hasi edo ikasitakoa hobetu nahian dabiltzan pertsona guztiek Dantza Ibiltariaren edizio berrirako izena emateko aukera izan dezaten. Matrikula-epea irekia duen ikastaro berri hau urrian hasi eta ekainera arte luzatuko da, eta bitarte honetan, Aiko taldeak jardunean egindako lehenengo 10 urteak ospatuko ditu, proiektuz gainezka etorriko den urteurreneko ospakizun baten bitartez. Hamarkada honetan, milaka pertsonak parte hartu dute talde honen jardueretan, dantza tradizionala ikasteko, irakasteko, baloratzeko eta disfrutatzeko estilo berri bat finkatuz.

Orain arte antolatutako zazpi edizioetan, 4.000 pertsona inguru erakarri dituzte, erromeria tradizionalen alderdi sozial eta ludikoa aldarrikatu eta euskal dantzak suspertzea xede duen Dantza Ibiltaria programari atxikitako ikastaro egonkorrek, tailerrek eta erromeriek. Horren haritik, Aikoren metodologiak dantzan trebatzeko alternatiba natural, lasai eta dibertigarria proposatzen du.

Ikasturte berria gaur, hilak 5, inauguratuko du taldeak Bilbon. Aurreko edizioetan bezalaxe, Dantzaldi Ibiltariaren ikastaroek bi maila eskainiko dituzte -hastapen ikastaroa eta aurreratua- Bilbon (Bizkaia Aretoa), Donostian (Victoria Eugenia antzokia), Galdakaon (Urretako Eskola), Markinan (Uhagon kulturgunea), Gernikan (San Fidel Ikastola) eta Durangon (Plateruena Kafe Antzokia). Saioak astero-astero egingo dira, ordu eta erdiko iraupenaz, eta matrikularen prezioa 150 eurokoa da. Lehen kontaktua izan nahi dutenentzat, eskolak doakoak izango dira urrian, eta ikastaro osorako matrikula horren ondotik egin ahal izango dute. Izena emateko epea irekita dago jadanik. Matrikula www.aikotaldea.eus webgunean edo 634 423 539 telefonora deituz egin daiteke. Hauexek dira ikastaroa hasteko aurreikusita dauden egunak lekuen arabera: Bilbo eta Galdakao (urriaren 5ean), Durango (urriaren 6an), Markina-Xemein (urriaren 7an) eta Donostia (urriaren 8an).

Azken urteotan, ekimenari era askotako berritasunak gaineratu zaizkio kolektibo espezifikoei hurbiltzeko asmoz. Honela, iaz, Aiko taldeak EHUrekin sinatu zuen lankidetza-hitzarmenari esker, Bizkaia Aretoko (Bilbo) ateak Dantzaldi Ibiltariarentzat zabaldu ziren, dantza tradizionalarekin lotutako jarduera pedagogiko eta dibulgatiboak eta ikastaroak berak bertan antolatzeko aukera emanez. Horren haritik, bestelako proposamenak ere egin ziren, hala nola, helduei jolasen eta bestelako jarduera ludikoen bitartez sei urte arteko umeak dantzan trebarazteko tresnak eskaitzen zizkien Kulunkaz orientazio-ikastaro berezia. Aiko taldearen iazko ikasturteko beste ekimen aipagarri bat Jotalariak izeneko hastapen-zikloa izan zen. Jotak Estatuko hainbat lekutan dituen aldaerak ezagutarazteko antolatutako ekimen honen lehenengo edizioak Asturias, Galizia eta Salamancako dantza-maisuak ekarri zituen Bilbo aldera. Era berean, egutegi akademikoaren amaieran, dantza tradizionalari buruzko udako ikastaro bat antolatu zen ekaineko azken asteburuan, Areatzan, UPV/EHUren eta BBK Fundazioarekin batera. Proposamenak egundoko arrakasta lortu zuen, euskal unibertsitate publikoak antolatzen dituen udako ikastarorik jendetsuenetakoa bilakatu zelarik, matrikulazio-kopuruari dagokionez.

Kulunkaz ikastaroak nahiz musikarientzat diseinatutako beste ikastaro batek (dantza tradizionalen errepertorio klasikoa interpretatzen eta intrumentu-jotzailearen eta dantzariaren arteko harremanetan sakontzen ikasteko) jarraipena izango dute denboraldi berri honetan ere, eta berritasun gisa, kantu-ikastaro monografiko bat antolatuko da, Itsaso Arrieta Labayru Ikastegiko kantu irakaslearen eskutik.

Berritzailea izango da, halaber, EHUn abiaraziko den Dantzalab Musika eta Dantza Laborategia, saio trinkoekin batera, asteburuko prestakuntza-jarduera osagarriak eskainiko dituena, hala nola, master class-ak, irteerak, bisitaldiak, adituekiko topaketak eta abar. Ekimen hau UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko EHU Kultura Unibertsitate Hedakuntzarako Zuzendaritzaren bitartez gauzatu da, 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta, aldi berean eskola, ikerketa-zentroa, elkargunea eta zabalkuntza-gunea izan dadin. Dantzalaben bitartez, erantzuna eman nahi zaio, euskal dantza tradizionalak belaunaldiz belaunaldiko transmisiorako erabili izan dituen kanalen krisiari, egungo gizartearen erabilera eta eskakizunen araberako alternatiba bat eskainiz ondare hau ezagutarazteko.

Jotari eskainitako web-ataria izango da Aikok ikasturte berriari begira abiaraziko dituen beste berritasunetako bat. Taldearen webgunearen barruan sortuko den Interneteko atal berezi honetan, dantza mota horren inguruko alderdi pedagogikoak bilduko dira. Dantza honen pausoei buruzko material didaktiko ugarirekin batera, pauso horiek egiteko era egokia bideoan ikusteko aukera ere eskainiko du. Webgune hau, bestalde, Aiko taldea gaur egun lantzen ari den jotari buruzko dokumentalaren online osagarri egokia izango da.

 

aikotaldea.eus