Nafarroako Erregimenak utzitako herentziak 30 urte luzez asimilazioa ekarri du eta herri gisa ditugun eskubideak erabat urratu ditu; besteak beste, Nafarroa osoan euskaraz ikasteko eskubidea ukatu du. Hala ere, aldaketarako indarrek adostutako programak eta hezkuntza mugimenduak Nafarroan erakutsitako kemenak, eskubideen birkonkistarako aukera paregabea zabaldu du.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, aldiz, Uriarte sailburuak LOMCE aplikatzen ari dela behin eta berriz ezkutatu digu. Heziberri 2020rekin LOMCEri 'euskal' kutsua eman nahi izan badio ere, 3 fase dituen plan horretako lehenengo 2etan kale egin du. Ikusteko dago 3. fasea den 'hezkuntza lege berriak' zer nolako norabidea hartzen duen. Edo hobeto esanda, zer nolako norabidea ematen diogun.
Bide horretan, orain arte egin bezala, erabat garrantzitsua izango da ikastetxez ikastetxe eta herriz herri egiten dugun presioa. Adibide bat jartzearren, ez al dugu LOMCEren aplikazioa baldintzatu iazko ikasturteko maiatza eta ekainean bururaino eraman genituen plantoekin? Ez al genuen azterketa inposatuen kontrako borroka irabazi familia eta herritarrok hartutako plantoaren aldeko konpromisoarekin? Dudarik gabe, Uriarte sailburua urduritu zen, eta hori, batez ere, familiek egindako presioaren ondorio izan zen.
Herritarron presioak eta aktibazioak, soilik, baldintzatuko du gure hezkuntzak hartzen duen norabidea. Honetarako, ezinbestekoa da hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion arteko elkarlana eta saretzea. Gainera, momentua da LOMCE eta inposatu nahi diguten edozeren aurrean saltoa eman eta 'zer ez dugun nahi' argi izatetik 'zer nahi dugunera' urratsa ematea.
Horretarako ikasturte aproposa da hau. Badakigu abenduan izango diren Espainiako Kongresurako hauteskundeen ostean aukera errealak daudela LOMCEren atal batzuk bertan behera gelditzeko (gai hau sakonago aztertzeko konpromisoa hartzen dut). Zentzu horretan, balizko aldaketa horiei aurre hartu eta benetan Euskal Herrian nahi dugun hezkuntza eredua eraikitzeari ekiteko momentua da. Izan ere, Espainiar Estatutik ez dugu gure beharrak asetuko dituen inolako eskaintzarik jasoko.
Hezkuntza Plataformen Topaguneak iragarri du: urriaren erdialdean inposaketen kontra eta bestelako hezkuntza baten alde mobilizazioak egingo ditu. Ekimen hauek, gainera, tokian tokiko errealitateari erantzungo diote eta kolore ezberdinak izango ditu. Gainera, ikasturtean zehar, bestelako eragileekin ere, elkarlanean kalera irteteko proposamenak luzatzen ari dira.
Beraz, argi dago, LOMCEri edo bestelakoei ez esan eta planto egiten jarraitu behar dugu, noski. Dena den, inposaketa horiei aurre egiteko modurik eraginkorrena gure hezkuntza propioa eraikitzen jarraitzea da. Horretarako badago alternatibarik. Asko gainera. Izan testu liburuen hautaketan, izan hezkidetzaren lanketan, izan euskara oinarri duten hizkuntza proiektuetan edota curriculum propioak osatze aldera, Euskal Herrian hamaika dira gure eredu propioaren eraikuntzan ditugun eta eredugarriak diren hezkuntza alternatibak. Guzti horiek, eta askoz gehiago, urriaren 24an, Bilbon, egingo den Alternatiben Herrian izango ditugu 'Arragoa auzoan'.
Finean, ezin dugu besteek zer egingo dutenaren zain egon. Erakutsi dugu nahiko kapaz garela ikastetxeetatik hasi eta auzoetaraino antolatu, eztabaidatu eta mobilizatzeko. Beraz, jarraitu dezagun bide horretan Bilbon eta gainontzeko Euskal Herrian. Gaurdanik hasita, posible dugu bestelako hezkuntza eredu bat eraikitzeari ekitea, beraz, eman ditzagun ikasturte honetan urratsak.