Programatutako bisita berriak egun eta ordu hauetan izango dira: asteazkenean, ostegunean eta ostiralean (urriaren 7an, 8an eta 9an) arratsaldeko 17:00etan eta 18:45ean (azken hori euskaraz), eta larunbatean, igandean eta astelehenean (urriaren 10ean, 11n eta 12an), goizeko 10:30etan eta 12:15ean. Talde bakoitza 30 pertsonak osatu ahal izango dute gehienez eta, ondorioz, beharrezkoa izango da erreserba egitea, gaurtik aurrera, 010 / 94 401 00 10 udal telefono zenbakian (08:00etatik 20:00etara).
XIX. mendearen amaieran, bilbotar askok aisiarako eta ondo pasatzeko leku gisa erabiltzen zuten Artxanda mendia. Inguru hartan kasino bat eta hainbat "txakolindegi" sortu ziren, jendeak bere aisiaz goza zezan. Hori dela eta, XX. mendearen hasieratik, baloratu egin zen Bernardo Jimenezek, hiriaren erdialdea Artxanda mendiarekin lotuko zuen kremailera tren bat eraikitzeko prestatutako proiektua.
Ekimen horrek ez zuen aurrera egin, finantzaketa faltaren ondorioz, baina pixka bat geroago, 1915ean, Evaristo San Martin y Garazen proiektua onetsi zen. Makineria, horrelako mendiko trenetan espezialista zen enpresa suitzar batek diseinatu zuen, eta 488.407,30 pezetako inbertsioa behar izan zen, gaur egungo 2.935,39 euro, hain zuzen ere. Horrela, 1915eko urriaren 7an funikularrak lehenengo bidaia egin zuen, Benito Marco Gardoqui Hiriko alkate zela.
Gerra Zibilean Bilbok jasan zuen setioan, trenbideak eta goiko geltokia bonbardatu zituzten eta, ondorioz zerbitzua eten egin behar izan zen, 1938ko uztailaren 18an, Mariano del Corralen proiektuan oinarrituz egindako behin behineko konponketa lanei esker, berriro ere zerbitzua ematen hasi ahal izan zen arte. 1976ko ekainaren 25ean, hainbat langile zauritu zituen istripua gertatu zen, eta, ondorioz, zerbitzua eten egin zen denbora luzez.
Horrela, zazpi urtez geldik egon ostean, 1983an goitik behera berriztatu ziren instalazio guztiak, trenbideak, kotxeak eta geltokiak, eta urte horretako apirilaren 30ean inauguratu zen berriro. Goiko geltokian, eraikuntza eta muntaketa lan guztiak erakusten dituzten argazkiak daude. Zoritxarrez, urte horretako udan izandako uholde larriek funikularrean ere izan zuten eragina. Ur, lokatz eta harkaitz asko erori ziren beheko geltokira, eta horrek guztiak hartutako altuera nasaraino eta kotxeen erdiraino heltzen zen.