Rock izarrek egiten duten bezala, Patxok eta Mikelek euren lehenengo bi ikuskizunen eszena hoberenak jasotzen dituen errezitaldia eskainiko dute Desentxufatuak lanean. Hamarkada bat igaro da Euskera Sencilloaren Manifiestoa eta Larruaizetara lanekin Euskal Herriko antzerki zirkuituan arrakasta lortu zutenetik, eta jarraitzaile askok egindako revival eskariei kasu eginez, material haren hoberena berreskuratzeak merezi zuela erabaki zuten. Desentxufatuak lanak barre algarak sortzen ditu ikus-entzuleen artean, dagoeneko legendario bilakatu diren bi ikuskizun haiek egiten zuten bezala, euskaldunberri zaharrak ez direlako inoiz hiltzen.
Lehiaketen epaiak Erriberako merkatuan
Goizez, Erriberako merkatuak mikroipuin lehiaketaren eta ikasleentzako umore grafiko sariketaren irabazleen izenak jasoko ditu. Lehenengoak seigarren edizioa bete du, eta bigarrenak hirugarrena. Eroski Bidaiakek babesten duen umorezko mikrokontakizunen kasuan, aurreko edizioetan bezala, eguerdiko 12:00etatik aurrera epaimahaiko kideek hiru finalisten kontakizunak irakurriko dizkiete entzuleei eta 2015eko lehiaketa horren irabazlea izendatuko dute. Ikasleei zuzendutako sariketari dagokionez, eguerdiko 12:30etatik aurrera sei kategoria bakoitzeko irabazleak iragarriko dira, ikasturte bakoitzetik bat, Lehen Hezkuntzako 5. mailan hasi eta DBH-ko 4. mailaraino. Saria Asier eta Javier umorista grafikoen eskutik jasoko duten irabazleek astebeteko oporrak gozatu ahal izango dituzte euren familiekin Ohtels! kateko hotel batean, Costa Dauradan, Portaventurarako sarrerak barne, Eroski Bidaiakek emandako oparia. Erriberako merkatuak sariketa horretara aurkeztutako lanen erakusketa zabala jasoko du jaialdiak irauten duen bitartean.