Azken lan honetan, bost urtez abeslariak berak Pedro Guerra musikariarekin eta Luis Garcia Montero poetarekin batera sortutako eta gauzatutako ideiari esker, Povedak poesia adierazteko modu gisa erabiltzen du sonetoa, eta Quevedo, Lope de Vega edo Federico Garcia Lorca bezalako Espainiako poeta handienetako batzuen edo Luis Eduardo Aute edo Joaquin Sabina bezalako abesti idazle handien testuetara era bikainean moldatzen da. Sabinak berak hartzen du parte diskoan, eta baita Miguel Riosek eta Ana Belenek ere. Beraz, Miguel Povedaren azken lana ez da lan artistiko soila, literaturaren eta musikaren pertsonaia handiei egiten zaien aintzatespena ere bada. Gogoratu behar da Povedak literaturarako duen grina ez dela berria, duela urte batzuk Rafael Albertiren testuak omentzen zituen Poemas en el Exilio lanean erakutsi zuen bezala.
Sentimendu anplifikatua
Eszenatoki gainean, Sonetos y poemas para la libertad izenekoek hegaz egiten dute. Arriaga Antzokira hurbiltzen direnek benetako errezitaldiaz gozatu ahal izango dute. Bertan poesia eta musika uztartu egingo dira, eta Miguel Povedaren ahotsak ikus-entzuleak bidaiatzera eramango ditu, sentimenen eta sentimenduaren bitartez.
Horretarako, kantaorea banda indartsuak lagunduta egongo da, bere laguntzaile leialenetako bi bertan direla, Joan Albert Amargos pianoan eta Juan Gomez Gorjon 'Chicuelo' gitarran. Eurekin batera Francisco Gonzalez Agudo perkusioan, Guillermo Prats kontrabaxuarekin eta Antonio Coronel bateriarekin, musika tresna taldea osatuz. Eta hori gutxi balitz, Miguel Poveda laguntzen duen taldean Jose Carlos Grilo dago txaloetan, txaloak jotzeaz gain Esperanza Garcia de Soriari koruetan lagunduko dion Miguel Angel Sotorekin batera.
Beraz, intentsitate handiko kontzertua aurreikusten da. Bertan, kantaoreak kopla eta flamenko dosi bikainak eskainiko ditu, eta baita artista ezaguna, mundu osoan jarraitzaileak dituena, bilakatu duten abestietako batzuk ere. Horri esker, oso leku enblematikoetan abestu ahal izan du, Pariseko Odeonen, New Yorkeko Carnegie Hall eta Lincoln Center aretoetan, Vienako Wiener Koncerthausean eta Buenos Aireseko Teatro Colónen, besteak beste.
Ikuskizunerako sarrerak 15 eta 45 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.