"Zelan egiten dituzu joan-etorriak Castaños auzoan? Zer arazo daukazu Castaños auzoan joan-etorriak egiteko? Zelakoa nahi duzu Castaños auzoa izatea? Auzoko bideak berriro antolatzeko prest egongo zinateke: espazio gehiago pertsonentzat eta gutxiago ibilgailuentzat? Tailerretan parte hartu nahiko zenuke?" Horiek dira Castaños auzoko biztanleei egunotan egingo zaizkien galderak. Bilboko Udalaren Zirkulazio eta Ingurumen Sailak karpa bat jarri du auzoan eta parte hartzeko prozesu bat zabaldu du auzokoen iritzia jasotzeko eta, nahi dutenei, tailer ireki batzuetan parte hartzera gonbidatzeko; tailer horietan auzoko bideen diseinu berria planteatuko da. Horrela, auzokoek parte hartzeko dute auzo jasangarriagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa egiteko diseinuan, zirkulazioaren eta bide‑segurtasunaren ikuspuntutik.
"Auzokoen iritzia jaso nahi dugu. Oinezkoentzako espazioak berreskuratu nahi ditugu eta komunikazioa hobetu Uriortu, Castaños eta Campo Volantin kaleen artean. Auzotik igarotzen den ibilgailuen zirkulazioaren dentsitatea eta abiadura murriztu nahi ditugu. Horrek istripuak gutxitzen lagunduko du eta auzokoen bizimodua hobetuko da", azaldu du Alfonso Gil alkateorde eta Mugikortasun Politiken Koordinazioa, Ingurumena, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriaren arduradunak, partaidetza prozesua aurkeztu denean.
Karpa Funikularreko plazan egongo da 10:00ak eta 14:00ak bitartean eta 16:00ak eta 19:00ak bitartean. Udalaren webgunearen bitartez ere har daiteke parte: www.bilbao.net.
Zirkulazioa lasaia
Bilboko Udalaren Zirkulazio eta Ingurumen Sailak "zirkulazio lasaia" kontzeptua landu nahi du Castañosen. Horrek, ibilgailuen abiadura eta kopurua murriztu behar direla; irtenguneak jartzea, zoladura desberdinak jartzea eta guneak seinaleztatzea; gutxi kutsatzen duten garraiobideei lehentasuna ematea, adibidez bizikletari; oinezkoen pasabideak jartzea, aparkalekuak antolatzea eta pertsonentzako espaloiak eta espazioak zabaltzea, esan nahi du.