New Yorkeko John Abercrombie da liderra, honelaxe zioena behin elkarrizketa batean: "nahiko nuke jazzaren alorreko gitarrarekin zuzeneko lotura duen norbait bezala ikus nazatela, muga musikal zenbait gehituta".
40 urtetik gorako ibiliarekin eta ia 50 albumekin, ohiz besteko soinuak dituen jazzeko maisua da gitarra jotzen. Ikertzaile nekagaitza, jazzaren tradizioan dihardu lanean. Gaur egun, hainbat eta hainbat emanaldi eskaini eta bira egiten ditu. ECM etxearekin jarraitzen du grabatzen, azken 30 urteotako harremanari segida emanez.
Jazzik onena Bilbora itzuliko da Bilbao 700 Fundazioaren eskutik eta kontzertu paregabeak izango dira urte osoan. Horrela, bada, atzerriko artista ospetsuek eta estatuan sendotuta dauden taldeek uriko aretoak eta hotelak beteko dituzte honezkero fidela den ikuslegoa asebetetzeko. Izan ere, kontzertu hauek aukera kultural garrantzitsua bihurtu dira.
Programak entzule-mota guztiengana heldu eta estilo guztiak barnebildu nahi ditu: jazzeko sustrai sakonenetik hasi eta azken abangoardietaraino, beste zenbait generorekin egindako fusioak ahaztu gabe, besteak beste, horien artean musika klasikoa, rocka, bluesa, hip hop edo ‘munduko musikak’ ditugu.
Asko dira '365 Jazz Bilbao' zikloaren bereizgarri diren artistak, taldeak, erritmoak eta estiloak. Jazzaren zaleak ugari direnez gero, ziklo honek hasiera-hasieratik bilatu izan du kalitaterik gorena, programazio askotarikoa eta ikusle guztientzako prezioak.
2015eko edizioaren lehen zatia (otsailetik ekainera) izen handiz beteriko kartel batekin hasi zen: otsailaren 11n Zara McFarlane abeslari ingelesak hasi zuen denboraldia eta, ondoren, Tony Allen bateria-jotzaile afrobeat-aren txanda izan zen (martxoaren 11n), Manu Katche perkusionista eta konpositore frantziarra (martxoaren 31n). Gero, Jane Monheit abeslari estatubatuarra (maiatzaren 5ean) eta Christian Mcbride Philadelphiako baxu-jotzaile birtuosoa (ekainaren 2an). Denboraldiaren bigarren zatia bihar, urriaren 6an hasiko da eta artista hauek izango dira Bilbon: John Abercrombie tronpeta-jotzaile estatubatuarra (urriaren 6an) eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak kontzertu berezietarako artista gonbidatu legez ekarriko duen China Moses (azaroaren 19an eta 20an).
Jazza hoteletan
'365 Jazz Bilbao' zikloak hurbileko, hemengo talentuari ere bere balioa eman nahi dio. Berriz ere, estatuan ibilbide arrakastatsua eta sendoa izan duten taldeen aldeko apustua egin nahi du. NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao eta Silken Indautxu hotelak izango dira jazz gauen eszenatokiak asteburuetako gauetan. Programaren bigarren atal hori doakoa izango da eta hoteletan eskainiko diren kontzertuak entzuteko ez da sarrerarik beharko. Edaria hartzeak ekitaldiaz gozatzeko aukera eskainiko du.
The Abercrombie Quartet
John Abercrombie. Port Chester-en (New York) jaioa 1944ko abenduaren 16an. 14 urterekin hasi zen gitarra jotzen eta intera hartako gaztetxo askoren moduan, Chuck Berry imitatzen zuen. Edozelan ere, jazzera Barney Kessel-en bluesak eroan zuen. 1962an Berklee-n matrikulatu eta graduatu ondoren New Yorkera joan zen. Han agudo bihurtu zen tira handiko hiriko jazz musikari bikain.
Instrumentista birtuosoa eta sortzailea; gitarra ez eze, baxu elektrikoa eta jazzean nekez erabiltzen den instrumentu berezia ere jotzen zuen: mandolina elektrikoa. Gerora, laukotean jotzeari ekin zion eta 3 album grabatu zituen ECM etxearekin: ‘Arcade’, ‘Abercrombie Quartet’ eta ‘M’ Richie Beirach piano-jotzailearekin, George Mraz baxu-jotzailearekin eta Peter Donald bateria-jotzailearekin. Artistak berak gogoratzen duenez, garai hartan norbere taldea edukitzea, norbere bandaren liderra izatea gauza benetan garrantzizkoa zen berarentzat.
Eta bere bigarren taldea hirukotea izan zen: bera, Marc Johnson baxu-jotzailea eta Peter Erskine bateria-jotzailea. Orduan esperimentatu zuen aurrenekoz gitarra-sintetizadorearekin. 3 album plazaratu zituen talde horrekin: ‘Getting there’, ‘Current events’ eta ‘John Abercrombie, Marc Johnson &Peter Erskine’.
90.eko hamarkadan eta 2000an ere aurrendari izaten jarraitu du. Hainbat artistekin hartu du parte grabazioak egiten eta duetoak osatzen, Ralph Towner gitarra-jotzaile, piano-jotzaile eta musikagilearekin esaterako edota John Scofield-ekin 1993an. 2007an, berriz, Joe Beck-ekin. Jan Garbarek saxofoi-jotzailearekin eta Eddie Gomez baxu-jotzailearekin ere grabatu du.