Emakumearen gorpua indarkeria zantzuekin aurkitu dute Erandioko etxebizitza batean. Bere senide batek atzo eman zion Ertzaintzari emakumearen desagerpenaren berri, Bilbon zuen etxera bueltatu ez zelako. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturrien arabera, heriotzaren inguruko hipotesi guztiak zabalik badaude ere, heriotza matxista bat den ikertzen ari dira, ez baitute hildakoaren bikotekidearekin harremanetan jartzea lortu.
Gaur arratsaldean, Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordea batzartuko da EH Bilduren eskariz eta bihar, 13:00etan elkarretaratzea egingo dute udaletxeko eskaileretan. Bestalde, Gafas Moradas elkarteak, elkarretaratzea deitu du bihar ere, urriak 6, arratsaldeko 20:00etan Moyua plazan "Basta ya de violencia machista!" lelopean. Eta emakumeen Mundu Martxak, mobilizazioa egingo du asteazkenean, urriak 7, 19:30ean, Arriagako plazan.