Ja! Bilbao Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko Jaialdiaren VI. edizioak arabiar mundu osoan umorearen eta kritika sozial eta politikoaren erreferente bihurtu den Khalid Albaih karikaturagile sudandarraren lana ezagutzeko aukera eskainiko du. Gaur hasi eta urriaren 15era bitartean, BBK Aretoan, Khalid Albaihren lanaren erakusketa zabala izango da ikusgai, eta egileak berak umoreaz duen ikuspegia eskainiko du, Islamaren argitan, Kale Nagusiko agertoki berean (urriaren 7an – 19:00etan).
Khalid Albaih Doha-n (Qatar) bizi eta Qatar Museum Authority-rako lan egiten du gaur egun. Idazlumaz baliatzen da diktadoreei nahiz mendebaldeko estereotipoei aurre egiteko, eta marrazkien laguntzaz, irudiek arabiar munduari buruz elkarrizketa irekia sortzeko duten ahalmena bistaratu du. Haren marrazkietako asko ikurtzat erabili zituzten iraultzaileek 2011ko Arabiar Udaberria delakoan. Haren lana mundu osoan zehar partekatu zen sare sozialen bitartez, eta graffitigileek Beiruten, Kairon, Yemenen eta Ekialde Ertain osoan erreproduzitu dute. Gaur egun, Khalid Albaihen marrazkiak iraultzaile-taldeek erabiltzen dituzte haren sorterriko Sudanen, eta aktibista politikoek Yemenen, Libanon, Tunisian, Sirian eta Aljerian.
Aurtengo urtarrilaren 7an gertatu zen Charlie Hebdo frantziar aldizkari satirikoaren aurkako atentatuaren ondoren, Albaih munduko umoristarik nabarmenenetakotzat aldarrikatu dute adierazpen-askatasunaren alde egin duen defentsagatik. Baina bere lanak Islamaren, musulmanen eta arabiarren gainean han-hemenka zabaldu diren estereotipoen kontra ere egiten du. Gai honi buruz, zera adierazi du: "Internetekin eta sare sozialekin hobeto elkar ezagutzeko aukera dugu. Arabiera dut ama-hizkuntza, baina ingelesez edo hitzik gabe marrazten dut, Mendebaldeko jendeak nire karikatuak ikusi eta gure ikuspuntua ulertzeko aukera izan dezan". Albaihek "jendearengana" iritsi nahi du bere lanaren bitartez, kulturen arteko elkar-ulertzea erraz dezaketen "zubiak eraikitzeko" asmoz. Zentsuraren eta tabuen mugez baliatzen da, marra hori mugiarazi eta askatasun-esparru gero eta zabalagoa sortzeko asmoz.
Kopiak eta ikusentzunezko materialak tarteko, ehun bat binetak osatzen dute, karikaturagile sudandarrak Ja! Bilbao jaialdira egingo duen bisitarekin batera antolatu den erakusketa hau. Egileak berak aukeratu duen Sad Jokes (Txantxetan serio) izenburuaz, erakusketak marrazkilariaren obrako gairik ohikoenak biltzen ditu: sare sozialen eta komunikabideen boterea, adierazpen-askatasuna, zapalkuntza politikoa, emakumeek arabiar herrialdeetan pairatzen duten diskriminazioa, inperialismoaren mehatxua edota Estatu Islamikoaren izua.
Don Celesen 70. urteurrena
Bestalde, BBK Aretoan bertan, Ja! Bilbao Jaialdiak beste erakusketa bat antolatu du, prentsako umorearen klasiko bat omentzeko asmoz: aurten 70 urte beteko dituen Don Celes pertsonaia ezaguna eta honen egilea, Luis del Olmo kazetari eta umorista bilbotarra.
Olmo (Bilbo, 1922) Don Celes izeneko bere pertsonaiagatik ospetsu egin da, nagusiki. Kazetari bezala, La Gaceta del Norte egunkarian hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta 1945ean, tira komiko bat sortzeko enkargua egin zioten, garai hartan Estatu Batuetan argitaratzen zirenen antzera. Halaxe sortu zuen Don Celes pertsonaia, gerora El Correo egunkariaren kontrazalean egun-egunero plazaratzen hasi eta gaur egun leku berean jarraitzen duena.
Pertsonaia horren lehenengo tira komikoak argitaratu zirela zazpi hamarkada bete diren honetan, 'Olmo, 70 urte Don Celesekin' izenburupeko erakusketa antolatu da.