Almudena Matarranzen erailketa gaitzesteko elkarretaratzeetan parte hartzeko deia zabaldu die Udalak bilbotarrei

uriola.eus 2015ko urr. 6a, 09:07

Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, urgentziaz bilduta, Almudena Matarranzen hilketa gaitzetsi du, "indarkeria matxista gisako egoera tamalgarri baten eraginez modu tragikoan hil baita". Azken eraso hau salatzeko eta "indarkeriarik gabeko gizartearen aldeko apustua aldarrikatzeko", gaur, hilak 6, 13:00etatik aurrera, Udaletxeko eskailera nagusian egingo den elkarretaratzean parte hartzera dei egin die bilbotarrei. Arratsaldean, Moyua plazan beste elkarretaratze bat izango da, eta bihar, beste bat Arriaga plazan.

Almudena Matarranzen "heriotza" indarkeria matxistaren "adierazpiderik larriena da" Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordearen hitzetan. "Aldez edo moldez emakumeen kontra zuzentzen den indarkeria, haien duintasun eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako atentatua da, hots, giza-eskubideen urraketa larri eta onartezina, salatu beharrekoa, isilik gelditu gabe, eta biktimen aldeko sostengua adieraziz, indarkeria pairatzen duten emakumeak babestuz".

Horregatik, Almudena Matarranzen aurkako "eraso hau salatzeko, eraso guztiak eta bereziki emakumeen aurka egindakoak errefusatzeko, eta Bilbok zein bilbotarrek bakebidezko elkarbizitzaren eta berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko gizartearen aldeko apustua egiten dutela aldarrikatzeko", gaur, urriak 6, 13:00etatik aurrera, Bilboko Udaletxeko eskailera nagusian egingo den elkarretaratzean parte hartzera dei egin die bilbotarrei Bozeramaileen Batzordeak. Halanola gaur eta bihar arratsaldean deituta dauden gaitzespen ekitaldietan parte hartzeko deia zabaldu die Aburto alkateak hiritarrei.

Gafas Moradas elkarteak elkarretaratzea egingo du gaur, urriak 6, arratsaldeko 20:00etan Moyua plazan "Basta ya de violencia machista!" lelopean. Beltzez jantzita parte hartuko dute protesta ekitaldian.

Bihar, urriak 7, Emakumeen Mundu Martxak deituta 'Eraso sexistarik ez!' lelopean, 19:30etan, Arriaga plazan elkarretaratzea egingo dute.

 

Ustezko hiltzailearen atxiloketa

Atzo arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak Almudena Matarranzen mutil-laguna Arkalandako parkean ustezko hiltzailea delakoan. Gizonaren senideen laguntzari esker arkitu zuten.

Almudena Matarranzen gorpua indarkeria zantzuekin aurkitu zuten atzo Erandioko etxebizitza batean, bere mutil-lagunaren etxebizitzan, hain zuzen ere. Bere senide batek eman zion Ertzaintzari emakumearen desagerpenaren berri, Bilbon zuen etxera bueltatu ez zelako. Bai Erandioko Udalak bai Emakundek heriotza matxistatzat jo dute gertatua. Horrela balitz, 2015ean Bizkaian indarkeria matxistaren ondorioz erailtzen duten bigarren emakumea da Almudena Matarranz. Ertzaintzak kasu ikertzen jarraitzen du.

 

[2015-10-05] Indarkeria zantzuak zituen emakume baten hilotza aurkitu dute Erandioko etxebizitza batean