'Poltsiko musika' egitarauak aste honetan zabalduko du kontzertu programa, Joshua Edelmanen (New York, 1954) eta Ledian Molaren (La Habana, 1993) emanaldiarekin. Sentimiento y tradicion, jazzak elkartu dituen eta euren musikan beraien jatorrizko lekuen erritmoak fusionatzen dituzten bi musikari horien lanaren emaitza da. Pianoa eta biolina dira euren bizitzaren parte diren musiken gune komunak aztertzen dituen errepertorioaren oinarria.
Urriaren 16an, Itxaso Gonzalezek (ahotsa) eta Jose Luis Canalek (pianoa) osatutako bikotearen txanda izango da. Conversations lana musika proposamen garaikidea da, poparen eremutik jasotako abestiekin. Musika brasileiroa eta, batez ere jazza, daude bikote horren lanaren funtsean. Itxasoren ahotsa gure jazz panoramako iradokitzaileenetakoa da, izan ere, Albert Bover, Joan Mone edo Iñaki Salvador bezalako pianojole handiekin batera abestu izan baitu, bikotea osatuz.
Hirugarren kontzertua, urriaren 23an, bertako beste talde batek eskainiko du, Ander Lopezek eta Javi Maquedak, biak ere abeslari eta gitarrajoleak, osatutako Steel Covers bikote akustikoak. U2, Bruce Sprigsteen, Dire Straits, Van Morrison… bezalako taldeen rockaren abesti klasikoak bertsionatuko dituzte, sonoritate berriak lortuz, Steel Guitar izenekoarekin, Bluesean eta Countryan erabiltzen den musika tresnarekin, interpretatutako lanetan, batez ere.
Urriko azken ostirala Aurkene Nuñezen (pianoa eta ahotsa) eta Marco Borgeren (gitarra) txanda izango da. Te doy una cancion izenburupean, ibilbide intimista eta pertsonala proposatzen dute zenbait abeslari latinoamerikarren abestietatik, Silvio Rodriguez, Pablo Milanes, Serrat eta Discepolo, besteak beste, hainbat ikuspegitatik ikusitako maitasunean oinarritzen diren gaiekin.
Zikloa azaroaren 6an itxiko da, Andres Contreras mexikarraren oso emanaldi bereziarekin. Andres Contreras El juglar de los caminos, gizarte protestan aritzen den kantautorea da, eta hamarkada luzez nekazarien eta herritarren borroketan hartu du parte, protesta musika garaikidearen bitartez. Berak aitortu duenez, 50 aldiz baino gehiagotan kartzelaratu dute Mexikon, heriotza mehatxuak jaso ditu, tratu txarrak jasan ditu eta bere musika materiala suntsitu dute.