Artxandako funikularrak 100 urte bete ditu dagoeneko. XIX. mendearen amaieran, bilbotar askok aisiarako eta ondo pasatzeko leku gisa erabiltzen zuten Artxanda mendia. Inguru hartan kasino bat eta hainbat "txakolindegi" sortu ziren, jendeak bere aisiaz goza zezan. Hori dela eta, XX. mendearen hasieratik, baloratu egin zen Bernardo Jimenezek, hiriaren erdialdea Artxanda mendiarekin lotuko zuen kremailera tren bat eraikitzeko prestatutako proiektua.
Ekimen horrek ez zuen aurrera egin, finantzaketa faltaren ondorioz, baina pixka bat geroago, 1915ean, Evaristo San Martin y Garazen proiektua onetsi zen. Makineria, horrelako mendiko trenetan espezialista zen enpresa suitzar batek diseinatu zuen, eta 488.407,30 pezetako inbertsioa behar izan zen, gaur egungo 2.935,39 euro, hain zuzen ere. Horrela, 1915eko urriaren 7an funikularrak lehenengo bidaia egin zuen, Benito Marco Gardoqui Hiriko alkate zela.
Gerra Zibilean Bilbok jasan zuen setioan, trenbideak eta goiko geltokia bonbardatu zituzten eta, ondorioz zerbitzua eten egin behar izan zen, 1938ko uztailaren 18an, Mariano del Corralen proiektuan oinarrituz egindako behin behineko konponketa lanei esker, berriro ere zerbitzua ematen hasi ahal izan zen arte. 1976ko ekainaren 25ean, hainbat langile zauritu zituen istripua gertatu zen, eta, ondorioz, zerbitzua eten egin zen denbora luzez.
Horrela, zazpi urtez geldik egon ostean, 1983an goitik behera berriztatu ziren instalazio guztiak, trenbideak, kotxeak eta geltokiak, eta urte horretako apirilaren 30ean inauguratu zen berriro. Goiko geltokian, eraikuntza eta muntaketa lan guztiak erakusten dituzten argazkiak daude. Zoritxarrez, urte horretako udan izandako uholde larriek funikularrean ere izan zuten eragina. Ur, lokatz eta harkaitz asko erori ziren beheko geltokira, eta horrek guztiak hartutako altuera nasaraino eta kotxeen erdiraino heltzen zen.
Orain 100 urteko historia hau ospatzeko egitaraua oparoa prestatu dute.
Ekitaldien programazioa
Urriak 7, asteazkena
- 11:00. Agintarien agurra eta irekierako aurreskua funikularreko plazan.
- 12:20. Artxandara igoera funikularrean (orain ehun urte egindako lehen bidaiaren ordu berean).
- 19:00. Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan: Funikularreko langile eta aholkulariei omenaldia.
Urriaren 7tik 12ra
- Ate irekien jardunaldia eta bidaiak doan (egunero).
- Argazki eta funikularraren atalen Erakusketa, Artxandako Geltokiko atondoan. Makineria bisitatzeko aukera egongo da (doan).
Urriak 16, ostirala
- 19:00. Funikularraren historiari buruzko Joseba Barrio Ezkerraren itzaldia Castañoseko Udaltegian.
Urriaren 15etik 21era
- Argazki eta funikularraren atalen erakusketa.
- Ikus-entzunezko emanaldia Castañoseko udaltegian.
- Argazki erakusketa ostalaritza guneetan.
Azaroak 22, igandea
- 09:00-17:00. Argazki eta margolaritza azkarraren lehiaketa Artxanda Plataformak antolatuta eta pintxo-potea Artxandan.
- 19:00. Erromeria Artxandako patinaje pistan (Salbatzaile Dantza Taldea eta Bonifazio Castaños Kultur Elkartearekin).
Urria, azaroa, abendua eta urtarrila bitartean, Artxandako eta Castañoseko ostalariek funikular menu eta pintxo bereziak eskainiko dituzte.