Hitzaldiaren ostean, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eta lehendakariak berak hitza hartu zuten, eta bi-biek normaltasunez onartu zuten Renobalesen hitzartzea, zeina ez baitzen, inondik ere, neutrala izan.
Munduko biztaleen puska handi bat gose da, eta guk, bitartean janaria zaborretara botatzen dugu. Gure gizarteak gero eta argiago ikusten du zer-nolako arazoak sortzen dituen gaur egungo elikadura-sistemak, ekoizpenak eta banaketak: osasun-arazoak, elikadura-eskandaluak, elikagaien banaketaren monopolioa nekazaritza elikagaien enpresa handien esku, kontsumo-ohituren aldaketa, basoak soiltzea, biztanleen leku-aldaketak, erailketak... Nahiz eta elikagai mordoa dauzkagun eskura, lurrarekiko harreman naturala gero eta urrunagokoa zaigu.
Zenbaitek esaten dutenez, elikadura-sistemaren gaur egungo garapena, industrializazioa eta espekulazioa oinarri, naturala eta ezin saihestuzkoa da, eta, are, aurreko sistema baino eraginkorragoa da. Hala ere, nekazaritza-negozioaren sistemak energia pila bat inbertitzen du elikagaiak ekoizten, eta gero ez du inbertitu adina energia bueltan jasotzen. Planetaren ikuspegitik, ez da hain jasangarria, eta transgenikoen kontua ere istorio horren beraren pasarte berri bat da.
Aitzitik, gero eta ugariagoa den iritzi-korronte batek bestelako elikadura-eredu bat aldarrikatzen du, nekazarien laborantza, nekazaritza-ekoizpen ekologikoa eta elikadura-burujabetza oinarri (ekoiztu eta kontsumitu nahi duguna erabakitzeko eskubidea). Abiapuntua zera da, elikadura-burujabetza sustatuz, pertsonen eskubideak ere sustatzen direla. Edonola ere, herritar kontziente hauek, horma ikusezin batekin egiten dute topo.
Elikadura-enpresek diseinatu dute gaur egungo sistema; gauzatu, ordea, enpresa horien mendeko diren gobernuek gauzatu dute, ez baitiote ate birakarien sistemari ihes egiten. Administrazioak hainbat arau, gidalerro eta lege harilkatzen joan dira (administrazio anitz eta ugariak baitira, baina NDFren aginduak jarraitzeko gertu baitaude), ekoizpen-eredu bat lehenesteko eta beste eredu bat zigortzeko asmoz.
Gaur egun, salbuespen bakan batzuk egon arren, nekazaritza-negozioan oinarritutako eredu arkaikoen arabera hezten ditu euskal hezkuntza-sistemak gure etorkizuneko baserritarrak. Ez ditu pertsona autonomoak nahi, beren lanaz harro daudenak eta sozialki boteretuak. Aditu dugunaren arabera, argi dago zer ereduren alde egiten duen apustu EAJk, hain zuzen, eredu neoliberalaren alde. Garbi islatzen da hori Heziberri proiektuan: hezkuntza-sistema merkantilizatu batera bidean goaz, zeinak ez baitu ez gaitasunik ez borondaterik izango eredu-aldaketa bat sortzeko behar dugun hezkuntza emateko.
Enpresa pribatuek bultzatzen dituzte unibertsitateko ikerketa-lan gehienak, eta, jakina, enpresa horiei interesatzen zaizkien alorrak aztertzen dituzte ikertzaileek: normalean, ez dira elikadura-burujabetza eta nekazaritza ekologikoa izaten. Aurrerapenak egiten dira, aldiz, zenbait irakaslek ekimen pertsonalak jartzen dituztelako martxan, beren aisialdian eta beren baliabideekin.
Tokiko ekoizpen ekologikoaren aldeko administrazio-kanpainek ez dute arrakastarik izaten, ez baitira benetako apustu bat, baizik eta gizartearen presioaren aurrean itxurei eusteko ahalegin bat. Keinu horiek sinetsiko ditugu baldin eta politika erreal eta eraginkorren eskutik badatoz, hezkuntza- eta nekazaritza-ereduak aldatzeko asmoz.
Baina zer bestelakorik etor zitekeen, bada, eredu izan beharko liratekeen horiengandik, baldin eta beraiek ezarri badute euskal eskola publikoan gaur egun indarrean den catering-zerbitzua? Orain dela ez asko, zenbait eskolek gertutasunean oinarritutako jantoki-eredua zuten: beren sukalde propioa zeukaten, eta hori hornitzeko denda txikietara jotzen zuten, eta denda txiki horiek, aldi berean, tokiko baserritarrengana. Orain elikadura-ohitura berriak txertatu dira, kontzentrazioa hobesten da eta oztopoak ipintzen zaizkie proiektu alternatiboei.
Aldarrikatzen dugun eraldaketa soziala eskola-jantokietatik harago doa. Pertsona kritikoak hezi nahi ditugu, beren elikaduraren eta osasunaren erantzukizuna beren gain hartzen duten kontsumitzaile arduratsuak, beren elkartasunezko irizpideekiko koherenteak. Garaiko produktuak, elikagai ekologikoak eta gertukoak, tokiko kontsumoa lehenetsiz, kritikoa eta arduratsua, bidezko merkataritza... Horrexegatik, oinarrizkoa da ikasleen hezkuntzan kontzeptu horiek guztiak txertatzea. ELGAk, PISAk eta Europa2020 estrategiek, zeintzuetan oianrritzen baitira gaur egungo Hezkuntza Sailaren hezkuntza-planak, ez digute horrelakorik emango.
Sinesten dugu Euskal Herria batean zeinean baserritarrek elikagaiak ekoitziko baitituzte nekazaritza-eredu osasungarri eta lurrari lotutako baten bidez. Zoritxarrez, EHU/UPVko irekiera-ekitaldiko saioaren gaia desegokia izan zen, eta, ez hori bakarrik, ustez bultzatzen dituen helburuen aurkakoa ere izan zen. Berriro ere, gure instituzio eta ordezkariek ez dute dagokion moduan jardun, gizarteak behin eta berriro zalantzan jarritako ereduen aldeko apustua egin baitute.
Alazne Intzauzpe(EHNE-Bizkaia)
Unai Aranguren( EHNE-Bizkaia)
Aitor Idigoras( steilas)
Ana Perez( steilas)