Perretxikoak ezagutzeko zerbitzua abian jarriko da gaur

uriola.eus 2015ko urr. 13a, 08:53

Zerbitzu hau astelehenetan eta asteazkenetan egongo da zabalik Osasun eta Kontsumo Sailean gaurtik abenduaren 2ra arte. Helburua, herritarrek, jasotako perretxikoak jateko modukoak diren jakin ahal izatea da. 

Gaur abiatuko da Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko Elikagaien Osasuneko Sailatalak perretxikoak ezagutzeko urtero eskaintzen duen zerbitzua. Zerbitzu hori Osasun eta Kontsumo Sailean (Ugalde kalea 7) egongo da zabalik astelehenetan eta eguaztenetan, 09:00etatik 11:00etara bitartean, abenduaren 2ra arte.

Jendeak batzen dituen perretxiko-aleak jatekoak diren ala ez zehazteko da zerbitzua, gerta litezkeen intoxikazioak saihestuz. Iaz 219 laguni eman zien zerbitzua.

Garrantzizko gomendioak

Batutako perretxiko-mota bakoitzaren ale bat baino gehiago eramatea gomendatzen du Osasun eta Kontsumo Sailak (hanka osorik dutela aterata eta ebaki barik), beste espezie bateko aleekin nahastu barik. Ahal dela, ale haziak eta zindoak (harrik gabekoak) batu behar dira eta komenigarria da batu dituenak berak eroatea, inguruari eta habitatari buruzko zehaztasunak eman ditzan.

Perretxikoak batu eta ahalik arinen egin behar da kontsulta (pare bat egun asko jota). Perretxikook plastikozko poltsetatik kanpo gorde behar dira, zabal-zabal jarrita eta hozkailuaren beheko aldean, sorki lehor eta garbiaz estalita. Ez dira garbitu ez izoztu behar harik eta zelakoak diren jakin arte, usaina eta kolorea galtzen dutelako. Ez dira ontzi berean gorde behar bestelako perretxikoekin.