Bizikletak Bilbobusean, froga gisa

uriola.eus 2015ko urr. 13a, 08:30

Berrikuntza bi ditu Bilbobus autobus zerbitzuak: batetik, bizikletak eramateko sistema eta, bestetik, 360º-ko ikuspegiko kamera. Momentuz, zerbitzu hau modu esperimentalean jarri da martxan Bilbobuseko 30 linean, Txurdinaga eta Miribilla auzoak lotzen dituen linean.

Bizikletak eramateko sistema autobusaren atzeko aldean egongo da instalatuta, Ibilgailuen Araudi Orokorrak agintzen duen moduan, eta bizikleta bi eraman ahalko ditu gehienez. Erabilera erraz eta arineko sistema da. Errail bi ditu, bizikleta bakoitzeko bat, eta beso batzuk malgukien bidez bizikletaren aurreko gurpilari eutsi eta geldiarazten dutena. Segundo gutxitan erabiltzaileak bizikleta segurtasun-berme guztiekin ainguratuta utziko du eta autobusean bidaia egin ahalko du segituan. Txartela ez da garestiagoa izango bizikleta eramateko sistema erabiltzeagatik.

Botoi berezi bi daude autobusaren barruan erabiltzaile hauentzat, txoferrak hurrengo geldialdian bizikleta jaitsi egingo duela jakiteko.

Bilboko Udalak mugitzeko modalitateak batera erabiltzeko moduak praktikan gura ditu eta sustatu bidaiariek komunikazio modu ekologikoak eta jasangarriak erabiltzea; kasu honetan, autobusak eta bizikleta.

360º-ko kamera

Bizikletak eramateko sistema ez da autobus honek duen kontu berri bakarra; izan ere, ikuspegi perimetraleko sistema ere badu, txoferrak bizikletak eramateko sistema erabiltzen ari den bidaiariaren honantz-haranzkoak eta autobusaren inguruan gertatzen dena ikusi ahal izateko. 4 kamera daude eta monitore bat pantaila independente birekin, -360º-ko ikuspegia emateko. Segurtasunaren aldetik, aurrerapauso handia da, ondo ikustea zaila den egoeretan, espazio txikietan eta oinezkoak autobusetik hurbil mugitzen ari direnean ikuspegi hobea eskaintzen du-eta.

Gainera, autobus honek dispositibo bat du sakelako 5 telefono edo tableta batera kargatu ahal izateko, 5 USB irteera ditu-eta. Bidaiariak USB kablea aldean badarama, dispositibo horretan entxufatu, besterik ez du egin beharko. Gainera, entxufe normal batean baino arinago egiten du karga.

Autobus berriak 2014ko urtarrilean indarrean sartu zen Euro VI europar arautegia betetzen du. Euro VI arautegiak Euro V arautegiaren aldean, nitrogeno-oxidoak % 80an murriztu nahi ditu eta partikula-masa % 66an.

Jesarrita joateko 25 plaza ditu eta 64 zutik joateko. Beheko plataforma du, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat arrapala berezia du, gurpil-aulkientzat erreserbatutako leku bi ditu (elbarrien aulkiak zein umeenak izan daitezke).

Segurtasuna

Autobus berriak segurtasun-neurri guztiak betetzen ditu: ECE R-66 arautegia superegituraren iraulketari buruzkoa, nahiz eta hau ez zaien exijitzen 1 Motako hiri barruko ibilgailuei. Gurpil-aulkientzako lekuetan uhalak ditu, umeen aulkitxoak edo elbarrien gurpil-aulkiak geldiarazteko. Aurrez aurreko talka egonez gero, txoferraren postua babestuta dago. Gainera, aurreko ardatzeko gurpilek esekidura independentea dute eta aldapetako ibilgailuaren baleztatze-sistema.

Autobus berri honekin 6 dira urte honetan flotara gehitu diren unitateak. Autobus honek eraginkortasun energetikoaren aurrerapen teknologikorik berrienak ditu eta inbertsioa 250.000 eurokoa izan da. Bilbobusek hiri barruko garraioaren kalitatea hobetzeko duen konpromisoaren erakusgarria da.