Bilboko Hilerrian Oroimenaren Basoa izeneko errautsetarako gunea sortuko dute

uriola.eus 2015ko urr. 13a, 11:37

Hala nahi duten hildakoen senideek eta gertukoek, errautsak zabaltzeko zeremonia intimoa dohainik egin ahal izango duten lekua izango da eta, horrez gain, oroimenerako leku gisa ere erabili ahal izango da.  

Gero eta gehiago dira ohiko lurperatzearen ordez errausketa aukeratzen duten pertsonak eta familiak. Hori dela eta, Bilboko Hilerriaren barruan, errausketatik sortutako errautsak botatzeko gune berezia prestatzeko erabakia hartu du Bilbao Zerbitzuakek.

Une honetan, errausketatik sortutako errautsak modu librean zabaldu edo bota daitezke, beti ere, botatzeko leku horietan aplikagarri diren arauak kontuan izanda, jakina. Honen aurrean beste aukera bat eskaini nahi da, hilerriaren barruan. Alternatiba horrek, agur esateko zeremonia txikia ospatzeko eta oroimenerako lekua ere izan nahi du. Horregatik eman zaio Oroimenaren Basoa izena.

Esku-hartzearen arkitekturaz Bilboko Udaleko Obra eta Zerbitzu Saila arduratuko da. 

Inbertsioa 75.000 eurokoa izango da. Errautsetarako parke berrirako lanak joan den urriaren 5ean jarri ziren martxan, eta bi hilabeteko epean amaituko dira.

Horrela, Oroimenaren Basoa, txapaz egindako paralelepipedo angeluzuzen formako hamabi elementuk osatuko dute, hainbat tamainatakoak (5x1,4 m.; 4,5x1,5 m.; 3x1,5 m. eta 3,6x1,2 m) Begoñako Gure Amaren plazak gaur egun osatzen duen zirkuluaren barruan, Bilboko hilerriaren erdian. Elementu horien ondoan errautsak uzteko beste bat jarriko da. Guztira, gune berri horrek 800 m2 inguru hartuko ditu.

Oroimenerako espazio berri horretara heldu orduko, sarbidean, txapa zulatuzko hiruki formako mugarria dago, basoaren sarrera aurkeztuz eta bertara sartzeko gonbidapena eginez. 

Basoa berez osatzen duten hamabi elementuetan zein sarrerako mugarrian euskal egileen poemen zatiak jasoko dira. Sarrerako mugarriak, adibidez, Gabriel Arestiren testu bat jasoko du, eta hamabi elementuetako bakoitzean Xabier Lizardik idatzitako poema baten zatia egongo da. 

Arkitekturak zuhaitz naturalen barruan integratuko ditu elementu horiek guztiak, multzo osoak Oroimenaren Basoa osa dezan. Bertan, senideek eta adiskideek azken agurreko zeremonia egin ahal izango dute eta, horrez gain, oroimenerako eta gogoetarako lekua ere izango da.