Dorronsorok berak idatzi du gidoia, eta Plan de fuga filma zortzi astez filmatuko da Madrilen eta Bilboko zein Bizkaiko hainbat lekutan. Lana Warner Bros Pictures Intl España banatzaileak hurrengo denboraldirako egin duen apustu garrantzitsuenetako bat da. Filma akzio thriller bat da, eta Victorren istorioa kontatzen du: lapur profesionala gaizkile talde batean sartzen da, ekialdeko militar ohiez bakarrik osatuta dagoena. Talde itxi bat da, baina kideetako bat hiltzen denean, beste kide bat erreklutatzeko beharra dutela ikusten dute. Banku bat lapurtzea da plana. Protagonistaren lana ganbera korazatua zulatzea izango da.
Zirkulazioan ahalik eta kalte gutxien eragingo da
Filmaren grabazioaren ondorioz, unean uneko zirkulazio-etenak egongo dira, eta aparkatzeko tokiak kendu egingo dira urriaren 12, 13 eta 16an.
Gaur, urriak 13, aldizkako etenak egongo dira Mazarredo zumarkalean 08:00etatik 11:00etara, Kale Nagusiaren eta Ibañez de Bilbao kalearen artean dagoen zatian. Murrizketa horiek direla eta, Colon de Larreategui eta Ledesma kaleetan aldizkako etenak egongo dira Mazarredo zumarkalera sartzean. Azken kale horretan zirkulazioa erabat etengo da 11:00etatik 14:00etara, Henao eta Ibañez de Bilbao kaleen artean, eta zirkulazioa Zabalguneko plazatik eta Colon de Larreategui kaletik desbideratuko da.
Baliteke, gaur ere, ibilgailuen zirkulazioan unean uneko etenak egotea Uribitarte kalean eta Uribitarte erranpletan, hiru minutukoak gehienez jota.
Azkenik, urriaren 16an, 07:00etatik 20:00etara, hainbat mozte egin ahal izango dira, hiru minutukoak gehienez, Campo Volantin pasealekuan, Tristan de Legizamon kalearen parean.