Oskorriren 'despedidia'

Berrogeita lau urte… eta despedidia!

Naroa Gaintza 2015ko urr. 13a, 16:36

Argazkia: www.aitzinafolk.org

Nik, beti maite izan dut Anton Latxaren ahotsa, gehien apreziatzen dudan ahotsetariko bat da... ​Natxitxuko frontoi zaharrean ikusi nituen azkenengoz, etxean eta ikastolan hainbatetan entzun, eskolan irakatsi eta hilaren 17an Gasteiza noa agurtzera; agur esatera baitatoz gure hiriburuetara.

Hala ere, ez dut uste Natxoren ideia izan denik agur bira hau planteatzea, baina onartu dute, garrantzitsuak izan baitira hainbat belaunaldietarako eta batez ere, herri honen soinu banda iruteko. 

Nahiz eta Oskorri aspaldi desagertu gure elkarrizketetatik, egunerokotasun horretan instalatuta dugu eta gurekin bizi da. Nor ez da gai lelo bihurtutakoren bat kanta-marmarrean aritzeko? 

Oskorri; 70. hamarkadako ez maitatuak. Trantsizio garai hartako folk ahotsa, euskadun berri bat oholtza gainean “Adela”-ri kantatzen, Blas Piñar ultraeskuindarra aipatuz, euskaldunok euskaraz bizi nahi genuela ozen esanez… Baina batzuk, ez zituzten beraien etxekoak sentitu eta mehatxuz bizi izan zuten euren ibilbidearen tarte bat. 

Soilik iraun duten denbora honeri guztiari egiten diot so eta diskoek apal luze bat betetzen dute; ehunka kantu propio, euskal dantza bilduma, umeen abestiak, euskal kantutegi tradizionalaren grabazioa 13 diskotan… Hori lana! Hori herri honen kultura biltzeko nahia!   

Baina oraindik ere ez maitatuak izango dira batzuentzat, kultura eta hizkuntza herri honen ardatz badira ere, herria eraikitzea helburu bazuten ere, Adela, Blas Piñar eta Euskal Herrian Euskaraz bertan jarraitzen badute ere. 44 urte eta gero berdinon artean ez baita aldatu ezer.

Ez dadila izan herri honek kantatzen ez duelako… 

 


Naroa Gaintza

www.22metrokoadro.com