Oskorrirekin hazi, hezi eta bizi izan naiz. Soinu berrien bila hautu musikala egiteko gaitasuna izan nuenean, Oskorritik aldendu nintzen. Aldendu nintzen, haurtzarotik distantzia hartzeko beharrak mugituta. Aurrekoarekin zerikusirik ez zuten memoria berriak eraiki ahal izateko eta ezaguna zitzaidan guztiaren kontrako iraultzaren kiribilean murgiltzeko. Nerabezaroa, errebeldia. Bide berrien bilaketa horretan kontzientzia hartu nuen Abandon sortutako Gabriel Arestiz. Harri eta herri gerturatu nuen eskuetara eta ulertu nuen Oskorri buruan nituen umeetako kantak izateaz gain, askoz gehiago zela. Borroka ere bazela, kontziente, aktibo, pertsonal eta kolektiboa.
Urteekin ulertu dut, eta Oskorriri esker hein handi batetan, erralitate soziolinguistikoaren konplexutasuna ulertzeko bidaide estimatua dela musika. Belaunaldien arteko zubia izan da Oskorri; ikasle eta irakasle.
Garai baten amaieraren nostalgiaz, eta posibleki, erromantizismoaz penaz diotsat Oskorriri agur.
Leire Palacios Egiguren