Norabide horretan, egunetik egunera gero eta zabalagoa den lagunarte batek ematen dio gorputza Errigora ekimenari. "Ilusioz eta anbizioz ari garen" herritar, nekazari, euskaltzale, ekoizle eta kontsumitzaileez osotutako sare anitz batek. "Gure txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dugu Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako".
Udazkeneko kanpainaren atarian, Errigoraren ibilbide laburrak emandakoaren errepasotxo bat egin dute "auzolanaren, elikadura burujabetzaren, euskalgintzaren edo lurralde kohesioaren ikuspegitik begiratuta". Bideo batean laburbildu dute orain arte eginiko ibilbidea.
Ez da edonolakoa hiru urtetan Errigorak lortu duen marka. "370.000 kontserba eta 88.000 litro olio banatu dira". Gutxi gorabehera, Errigoraren bidez zabaldutako produktuak 15.000 bat etxeetara iritsi dira. Errigorari esker lortu da Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, "urrunekoen ordez bertokoak kontsumitzeko". Nafarroa hegoaldean "euskara ofiziala ez den zonaldeko" euskalgintzari "bultzada ekonomikoa ematea" da Errigoraren beste lorpenetako bat. Gainera, lorpen horiek auzolanetik eta nazio-eraikuntzatik bideratu ditu Errigorak, "betiko" lan kolektiboan oinarrituz eta lan molde honen beharra eta indarra goraipatuz.
Bilboko aurkezpena
Beste herri batzuetan bezala, gaur, hilak 14, Bilbon aurkeztuko dute Errigoraren 2015eko udazkeneko kanpaina 'Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka' goiburuarekin. Eragile eta hiritarrei zuzendutako aukezpena izango da 18:30ean La Bolsa udaltegian egingo dena.
Urriaren 21etik azaroaren 8ra eskatu ahalko da Errigoraren saskia aurtengo udazkenean.