Suspentsea eta azpikeria dira nagusi Tartean Teatroa taldearen ikuskizun berrian. Otxarkoagako Harrobia Eskena zentroa ondutako lana Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatuko dute ostiralean, urriak 16. Bilbon, martxoan, ikusteko aukera izango da.
Jamil marokoar jatorriko gaztea du protagonista -Eneko Sagordoy-. Berak zaintzen izan duen adineko gizona hil du -Mikel Martinez-, baina ez du ezer gogoratzen. Buruhauste horretan hildakoa bera agertuko zaio Jamili. Eszenatoki ia hutsean, aurrez aurre bi aktoreren bakarrizketen eta elkarrizketen lekuko izango da ikuslea.
Bai Jamilek bai publikoak gertatua puzzle eran ordenatuko dute. Patxo Telleriaren hitzetan, publikoak "bere kabalak egiteko" aurreritziak baliatuko ditu.
Mikel Martinezek "kristoren motibazioa" aurkitu du eszentoki garbian bi aktoreen arteko lanean. "Elkarri begiratzearekin ez dut aktore gehiago ez eszenografia gehiago behar", dio. Gonbidapena ere luzatu die antzerkizaleei: "Oso ondo pasatuko dute, oso gustura egongo dira".
Istorioa
Kolpe bat jaso eta memoria galdu berri du Jamilek. Dakien bakarra, poliziak esan diolako, zera da, tiroz hil duela ohean zegoen gizon babesgabe eta desgaitua. Duela gutxira arte zaintzen zuena, hain zuzen. Jamilek bere burua duin eta zintzotzat du eta hala ere krimenik gorrotagarriena burutu du. Eta bere buruari galdetzen dio: “Zergatik, Jamil?”
Fitxa teknikoa
Egilea: Patxo Telleria
 Zuzendaritza: Jokin Oregi eta Patxo Telleria
 Aktoreak: Mikel Martinez, Eneko Sagardoy
 Argiztapena: Xabier Lozano
 Musika: Pascal Gaigne
 Audiobisualak: Acronica Producciones
 Diseinu grafikoa: Hirudika
 Argazkiak: Guillermo Casas
 Eskenografiaren sorkuntza: Eskenitek
 Jantziak: Tartean teatroa
 Produkzio exekutiboa: Pio Ortiz de Pinedo

