Funikularraren kudeaketaren ardura duen Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak azaldu duenez, astegunetan batez beste 2.200 pertsonak erabili dute funikularra egun bakoitzean, normalean izaten direnak baino 500 gehiago; ostiralean 3.696 izan ziren; larunbatean 8.255; igandean 8.300 bidaiari; eta astelehenean 2.706.
Castañoseko Auzo Etxean erakusketa gaurtik aurrera eta bihar, ostirala hitzaldia
Castaños, Uribarri eta Artxandako kultur eta auzo-taldeek, Bilboko Udalarekin elkarlanean, datozen hilabeteetan burutuko diren hainbat ekintzen programa prestatu dute, funikularraren mendeurrena ospatzeko. Artxandako eta Castañoseko ostalariek ere pintxoak eta menu bereziak eskainiko dituzte ekitaldi hauetan.
Gaurtik, urriak 15, eta hilaren 21era arte, Castañoseko Auzo Etxean Funikularraren argazki zaharren eta piezen erakusketa egongo da. Gainera, ikus-entzunezko bat proiektatuko dute. Bihar, ostirala, urriak 16, Joseba Barrio Ezkerrak Funikularraren Historiari buruzko hitzaldia eskainiko du. Barriok funikularrean lan egiten du eta horren mendeko historian aditua eta ikertzailea da.
Bestalde, aste osoan zehar, Castañoseko ostalariek funikularraren argazki zaharrak erakutsiko dituzte tabernetan.
Pintura eta argazki-lehiaketa
Artxandako plataformak, Bilboko Udalaren Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailaren laguntzaz, 'Funikularra eta haren ingurua' gaia duen Argazki eta Pintura Arinaren 2015eko Lehiaketaren deialdia egin du.
Gaia Artxanda mendia eta Funikularra da lehiaketa bietan. Argazkiak azaroaren 13a baino lehen entregatu beharko dira eta pintura arinaren lehiaketa azaroaren 22an izango da, 09:00etatik 17:00etara.
Lehiaketetan hiruna sari egongo dira: 1.000, 500 eta 250 eurokoak eta horiekin batera dagokien agiria. Sari-banaketa jendaurrean izango da 2015eko azaroaren 17an.
[2015-10-07] Udalak Artxandako funikularraren mendeurrena ospatu du