Mila globo arrosa bularreko minbiziari aurre egiteko

uriola.eus 2015ko urr. 19a, 13:22

Argazkia: @juanmariaburto

Bularreko Minbiziaren Mundu Eguna dela eta, mila globo arrosa askatu dituzte gaur goizean Kale Nagusian, foru jauregi ondoan. Sentsibilizazioa eta ikerketa bultzatzea izan du helburutzat ekitaldiak.

Minbizia duen pertsona batek irakurri du Bularreko Minbiziaren Mundu Eguneko komunikatua. Acambi elkarteko kide batek, hain zuzen ere. Arreta bularreko minbiziaren problematikan jarri du. Informazioa, ikerketa eta laguntza psikologikoa beharrezkotzat jo ditu.

AECC elkarteak doako laguntza psikologiko profesionala eskaintzen die minbizia dutenei edo haien senideei; eta, hain zuzen, zerbitzu horren sustapena egitea da edizio honetan programatutako ekitaldien helburu nagusia. Informazio gehiago: www.aecc.es

Eguerdian 1.000 globo arrosa askatu dituzte. Horretan aritu dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin batera, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Isabel Sanchez Robles Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko diputatua eta K-Toño Frade, marrazkigile, irudigile eta kazetaria.

16:00etatik 18:00etara AECC elkartearen furgoneta batetik kanpainako informazio-materiala eta begizta arrosak banatzen arituko dira hainbat lagun kale Nagusian.

 

Bularreko Minbiziaren Aurkako II. Lasterketa

Acambi elkarteak, bigarren urtez, bularreko minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko lasterketa herrikoia antolatu du. Hitzordua urriaren 25ean izango da, goizeko 11:00etan eta lasterketa Guggenheim museotik abiatuko da.

[2015-10-07] Urriaren 25ean ospatuko da Bularreko Minbiziaren Aurkako II. Lasterketa