Euskal sorkuntza berriak eta nazioarteko konpainien presentzia azpimarragarriak markatuko dute Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatzen duen BADen – Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaren edizio berria, azaroaren 1era arte. Jaialdia atzo hasi zen BilbaoArten, ¡Que nos quiten lo bailao! Corps à Corps izeneko zine dokumental saioarekin. Ohikoak diren BilbaoArte, La Merced, Errekalde Aretoa, La Fundicion, Muelle 3, Bilborock edo Garabia Zawp bezalako eszenatokiak eta kalea bera hartuko ditu ere egunotaz.
Guztira, programazioak 12 estreinaldi jasoko ditu –horietako zortzi erabateko estreinaldiak– eta jaialdiaren lau koprodukzio Cielo Raso konpainiarekin, Errateke-L’esoecificarekin eta Patricia Caballerorekin –Escenas do Cambio Jaialdiarekin lankidetzan– eta Pablo Fidalgorekin, Terrasako TNT Nuevas Tendencias jaialdiarekin elkarlanean. Proposamenen artean nazioarteko artistak daude, Federico Leon argentinarra, Ana Borralhok eta Joao Galantek osatzen duten Casabranca konpainia portugaldarra edo Cecilia Bengolea eta François Chaignaud, eta lehen aldiz, nazioartean oihartzun handia duen Matxalen Bilbaok dantza garaikide pieza bat (L´Autre) estreinatuko du BADen.
Programazio eszenikoa gaur, urriak 22, osteguna, hasiko da La Fundicion eta La Merced eszenatokietan, bi euskal konpainiarekin, hain zuzen ere: Coletivo Qualquerren Gag dantza ikuskizuna, Euskadin bizi den Luciana Chieregati brasildarrak interpretatutakoa (mugimendu nekaezinez betetako 40 minutu), eta dantza eta antzerkia uztartzen dituen Natxo Montero dantzari eta koreografo bilbotarra, Barbecho proposamenarekin.
Euskal zigilua duten proposamenen artean, azpimarragarriak dira, baita ere, Xabier Mendigurenen testua duen Amodioaren ziega, duela denbora gutxi sortu den eta Nazaret Froufe, Urki Muguruza, Joana Ocaña eta Eneko Sagardoy antzezleek osatzen duten Lauka Teatroa konpainiak eskainiko duen euskarazko antzezlana –24an La Merceden–; eta urriaren 29an Errekalde Aretoan estreinatuko den Idurre Azkueren Bailar por bailar, Joseba Irazokiren musika duen dantza pieza, BilbaoEszenaren laguntza ere baduena.
L´Autre ikuskizunaren erabateko estreinaldiari dagokionez, azpimarratu behar da sortzaile gisa eman dituen 15 urteetan Matxalen Bilbaok hiztegi propioa sortu duela, bere pentsamendua sakontzeko eta garatzeko interesean oinarrituta. Bere ardurak lantzen ditu behin eta berriro, zorrotz eta era metodikoan, ideiak adierazteko baliabide gisa mugimenduaren eta mugimendu horren espazio-denbora antolakuntzaren aldeko zaletasuna erakusten duen bide koherentea eginez. Hamaika piezak abalatzen dute bere ibilbidea. Bere lan azpimarragarrienak Gear (2015) Self (2013) Sast! (2009) Haiku4 (2007) Capricho (2005), Lotura (2004) eta Mutis (2003) dira.
BAD 2015eko programazioak erabateko beste bi estreinaldi interesgarri ere jasotzen ditu, ibilbide luzea duten María Muñoz-Mal Pelo eta Niño de Leche konpainien eta Patricia Caballeroren eskutik. Lehenbizikoek, flamenkoaren eragina duen musika eta dantza azken ikuskizuna, Siete lunas, aurkeztuko dute Bilbon –urriaren 23an La Merceden–. Oraingo honetan, bere ideal sozialekin konpromisoa erakusteaz gain lengoaiak nahasteko gaitasun handia duen Niño de Elche kantaorea, eta María Muñoz dantzari eta Mal Pelo konpainia katalanaren koreografoa, zeharkakotasun garbian eta sakonean sustraitutako proposamen eszenikoengatik ezaguna dena, elkartu egiten dira, ikus-entzuleei bat-bateko elkarrizketa berezia proposatzeko.
Patricia Caballerori dagokionez, gorputzari eta kontzientziari buruzko jardunbideen eta azterlanen aurreko interesa erakusten du gorputzaren bitartez. Arte bizien eta garapen psikofisikoaren aurrean zabaltzen da, ohiko bide gisa, berarekin 20 urte baino gehiago egin dituen dantza erabiliz. Batez ere Espainiako antzokietara eta jaialdietara joaten diren lanak egiten eta interpretatzen ditu, horien artean, Lo raro es que estemos vivos (2012), Aqui gloria y despues paz (2011) edo Chronoscopio (2010). Bere azken ikuskizuna, Barrunto, urriaren 31n estreinatuko da La Merced aretoan.
Nazioarteko panorama
Atzerriko konpainiek eskainiko dituzten ikuskizunei dagokienez, azpimarragarria da Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango den Federico Leónen (Argentina) Las ideas antzezlana. Las ideas lanak errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak lantzen ditu, eta sorkuntza prozesu baten intimitatea jartzen du eszena gainean. Antzezlana, artistak eta bere laguntzaileak laneko mahai gisa erabiltzen duten ping-pong mahai desordenatu baten gainean gertatzen da. Saiakeren erregistroak, sorkuntzaren estadio anitzetan dauden beste proiektu batzuetako materiala, etorkizuneko lanetarako ideiak, unean bertan bururatzen zaizkien eta sartzen doazen ideiak eta baita baztertu egin ziren eta ordenagailuaren paperontzian botata dauden beste batzuk ere. Ping-pong mahaiaren gainean, artistak eta laguntzaileak etengabeko ideia eta teoria trukaketa dute. Ikus entzuleak urriaren 27an joan ahal izango dira ping-pong partida sortzailera La Merceden.
Teatro Errante txiletarrei dagokienez, Yo mate a Pinochet antzezlana ekarriko dute Bilbora. Lan horrek subjektu herrikoiaren hitzaldiaren alderdian sakontzen du, haren praxi politikoa, egunerokotasunetik eta militantziatik. Yo mate a Pinochet lanak, pertsonaia baten bitartez, memoriak, onartzeko eta entzuteko beti atsegina ez den orainaldiaren ebaluazio ariketa kritikorako aukera ematen duela erakutsiko du. Teatro Errante 2008an sortu zen, izaera herrikoia eta jai girokoa duen eta ondo pasarazteko helburua duen baina, aldi berean, emozioen eta intelektoaren ikuspegitik deserosoa ere izan daitekeen antzerki politikoa eskaintzeko xedez. Ikuskizun hori urriaren 28an ikusi ahal izango da La Merceden.
Halaber, dantza garaikide programazioaren barruan pena merezi du Estatuan lehen aldiz ikusi ahal izango den Cecilia Bengolea argentinarraren eta eszenatoki gainean ohiko kide duen François Chaignauden Dub love ikuskizuna azpimarratzea. Bere musika ikerketan zehar, Bengolea-Chaignaud bikoteak ikerketa koreografiko hibridoa egiten du, reggae melodia batzuen punk errebotagarritik balletak baimentzen dituen muturreko eraikuntza fisikoetaraino. Bilboko ikus-entzuleek La Mercedeko eszenatokian ikusi ahal izango dituzte urriaren 30ean, gaueko 21:30etatik aurrera.
Programazioa: Ikus-entzule berriak
Berrikuntza gisa, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak – BADek umeei eta gazteei arreta berezia eskainiko dien hiru lan aurkeztuko ditu lehen aldiz. Horiek dira arte eszenikoen etorkizuna, ikus-entzule zein sortzaile gisa.
La naturaleza y su temblor proiektuak performance ibilaldia proposatzen du Idoia Zabaleta koreografo arabarraren eskutik, Tomas Aragayk eta Sofia Asenciok osatutako Societat Doctor Alonso konpainia katalanaren laguntzarekin. Umeei –8 urtetik 14 urtera– zuzendutako ibilaldi gidatua izango da, eta partaide bakoitzak, kasko batzuen bitartez, zenbait soinu input jasoko ditu (testuak, musikak eta errealitatetik jasotako soinu zuzena), eta horiek errealitatea ikusteko modua eraldatu egingo dute.
Macarena Recuerda artistak, bere aldetik, Collage tailerra proposatzen du umeentzat. Jarduera, 6 eta 12 urte arteko umeei zuzenduta eta izen bereko pieza artistikoari lotuta egongo da. Jarduera urriaren 25ean, igandean, izango da, goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:30ak arte, Errekalde Aretoan. Proiektu horrek eta Idoia Zabaletarenak, BilbaoEszenaren, Bilboko Udalaren Baliabide Eszenikoen Zentroaren, Artistak Egoitzan deialdiaren laguntza jaso dute.
Amaitzeko, urriaren 31n, Bilborockek, Ana Borralhok eta Joao Galantek osatzen duten Casabranca konpainia portugesaren lanaren estreinaldia jasoko du. Oraingo honetan, Bilboko nerabeekin eta BAD-ekin berarekin lankidetzan egindako lana proposatzen du. Pieza eszeniko horren protagonista Ibarrekolanda institutuko Batxilergo Artistikoko ikasle talde bat izango da. Artistek BAD jaialdirako zuzenduko duten tailerrean hartuko dute parte, urriaren 25etik 30era. Ikuskizun horrek eta umeei eta gazteei zuzendutako gainerako guztiek 5 euroko prezio berezia izango dute.