Azaroaren 13tik 20ra 57. edizioa ospatuko duen Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak (ZINEBI) hil ondorengo Ohorezko Mikeldia emango dio duela denbora gutxi desagertu den Aitor Mazo antzezleari. Saria, ohikoa denez Bilboko Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian, azaroaren 13an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, ospatuko den ZINEBI 57ren inaugurazio ekitaldian emango da.
ZINEBI 57k, joan den maiatzean hil zen Aitor Mazo "antzezle bilbotar handiari, Euskadiko eta Espainiako zineak, antzerkiak eta telebistak azken hamarkadatan eman duten aurpegi ezagun eta maitekorrenetako bati", emango dio bere Ohorezko Mikeldietako bat. Sari hori "bilbotar guztien maitasunaren eta jaialdiak goitik beherako antzezle baten lanaren aurrean duen aintzatespenaren adierazpena da. Erregistro dramatikoen aniztasun handiak eta antzezle gisa izan duen izaera indartsuak markatu dituzte bere lan guztiak".
1961ean Santutxu auzoan jaio zen Aitor Mazok "fotogenia eta aldakortasun handiko fisikoa izan zuen", eta horrek mota guztietako lanak egiteko aukera eman zion antzerkiko antzezle, eta "gure herrialdeko zine zuzendari hoberenen esanetara eta telebista saio handienetan aritutako ezinbesteko antzezle gisa, taldeko antzezle gisa, gehienetan". Gaztetatik izan zuen antzerkirako bokazioaren ondorioz Maskarada taldean sartu zen, eta hori izan zen bere benetako eskola, gaztelaniaz zein euskaraz egin zuen lan eszenako gizon gisa. Izan ere, heriotzak Tanttaka konpainiarekin lanean ari zela harrapatu zuen. Konpainia horrekin bira batean ari zen, Alfredo Sanzolen La calma mágica lanarekin.
Zineko antzezle gisa egin zituen lehenengo lanak A los cuatro vientos (Jose Antonio Zorrilla, 1987) eta Vacas (Julio Medem, 1992) izan ziren, eta horien ondoren bigarren mailako antzezle gisa aritu zen Gonzalo Suarezen (La reina anónima, 1992), Luis Garcia Berlangaren (Todos a la cárcel, 1993), Enrique Urbizuren (Cachito, 1995) edo Juanma Bajo Ulloaren (Airbag, 1997) esanetara. Azken lan hori oso garrantzitsua izan zen bere karreran.
Bere filmografiak beste lan askorekin jarraitu zuen, Alex de la Iglesiaren (La comunidad, 2000), Emilio Martinez Lazaroren (La voz de su amo, 2001), Manuel Gutierrez Aragonen (Visionarios, 2001), Francesc Bellmunten (Lisístrata, 2002), Miguel Courtoisen (El lobo, 2004), Daniela Fejermanen (Siete minutos, 2009), Ernesto del Rioren (Valeria descalza, 2011) eta Pablo Maloren (Lasa y Zabala, 2014) esanetara; 2014. urtean, Emilio Martinez Lazaroren Ocho apellidos vascos lanean ere hartu zuen parte, "parroko lotsabako samar eta maitakorrarena eginez".
Aitor Mazok gidoilari eta zuzendari lana ere egin zuen Patxo Telleria lankide eta adiskidearekin La máquina de pintar nubes (2009), Versión Española-ALMA Film Luzeen Lehenengo Gidoi Lehiaketaren saria lortuz, eta Bypass (2012) lanetan. Horrez gain, hainbat film laburretan ere hartu zuen parte, horien artean zinean egindako bere azken lana izan denean, ZINEBI 57rako aukeratutako Artificial (David P. Sañudo, 2015). Film hori jaialdiaren inaugurazio ekitaldian ikusi ahal izango da, euskal zineari eskainitako lehiaketa barruko sekzio ofizialean.