Jose R. Pascual Vilaplana zuzendari titularrak diseinatutako lehenengo denboraldi berri hau ahaztezina izango da. Bandak dituen 45 interprete baino gehiagoren kalitate maila handiari, gure batuta titularrak programak aukeratzeko orduan erakutsi duen maisutasuna gehitu behar zaio. Datozen hilabeteetan lehen mailako artistak ekarriko ditu Bilbora. Gainera, Bilboko Bandak Hilario Extremiana euskal konposatzaileak idatzitako Tres improvisaciones, cadencia y final lana estreinatuko du azaroaren 8an. Klarinete bakarlaria Rafael Climent izango da.
Bandaren eskutik, ikus-entzuleek lurralde berriak gozatu eta, batez ere, aztertu ahal izango dituzte musikaren bitartez denboraldi berri honetan. Musika berriak ezagutu (azaroaren 8an), dantza ezagutu (azaroaren 29an), literatura ezagutu (urtarrilaren 24an), edo haurtzaroaren lilura ezagutu (martxoaren 20an) ahal izango dituzte.
Mundu mailako musika panoramako izen handien artean, Franco Cesarini maisu eta konposatzaileak, Luganoko Civica Filarmonicaren zuzendariak Musika helvetiarra ezagutzen kontzertua zuzenduko du otsailaren 7an, eta Claudy Arimany eta Juan Jesus Silguero txirula jotzaile handiak, Beste garai batzuk ezagutzen kontzertuan arituko dira otsailaren 21ean. Hurbilagokoa, baina ez horregatik kalitate maila txikiagokoa, azaroaren 29an Bandaren musikari lagunduko dion Ines Olabarria mezzosopranoaren ahots bikaina, duela denbora gutxi Scat lehenengo jazz diskoa argitaratu duen eta Gabonetako Kontzertuko gonbidatu berezia izango den Ainara Ortega abeslaria eta Vicente Zaragoza BOS-eko perkusio jolea eta irakaslea izango dugu marinbarekin apirilaren 17an.
Bilboko Bandak bere denboraldi osoa aurkezten duen eta bere kontzertuei izena ematen dien lehen aldia da. Horiek dira Pascual Vilaplanak sartutako berrikuntzetako batzuk.
Denboraldia joan den astelehenean, urriaren 12an, hasi zen, maila handiko zuzendariarekin, Douglas Bostock ingelesarekin. Ikus-entzule askoren aurrean Klasikoak ezagutzen Japoniaraino kontzertua eskaini zuen. Udazken-neguko zikloko lehenengo zuzendari gonbidatuak gure Bandaren profesionaltasuna eta egokitzeko gaitasun handia azpimarratu zuen. Bere ustez, "kalitate handiko haize orkestra" da.
Pascual Vilaplanak zuzenduko ditu denboraldiko beste kontzertuak, bi salbuespenekin: Iñaki Urkizu Bandako zuzendariordeak zuzenduko duen abenduaren 20ko Gabonak ezagutzen kontzertua eta Bilboko Banda lehen aldiz zuzenduko duen Franco Cesariniren aginduetara eskainiko den otsailaren 7ko kontzertua. Eta nor suitzar konposatzaile bikain hori baino hobea, musika helvetiarra erakusteko?
1971n Muron (Alacant) jaioa, Jose Rafael Pascual Vilaplana, ospe handiko musikagile, irakasle eta zuzendaria da. Joan den urtarrilaren 15az geroztik, Bilboko Udal Musika Bandako zuzendari titularra da, eta kargu horrexetan jarraituko du ondorengo 3 urteotan, kontratua luzatzeko aukerarekin. Batuta del Mtro. Tomas Boufartigue saria eman zioten (Habana, 1991). Lehen saria irabazi zuen Kerkradeko WMCko eta Birminghameko EBBAko Zuzendaritzako Nazioarteko Lehiaketetan (Holanda, 1997 eta Ingalaterra, 2000). 2004an Valentziako Komunitateko Elkarte Musikalen Federazioaren EUTERPE saria eskuratu zuen Bandako Zuzendaritza eta Jairako Musika Konposizioa kategorietan. 2010ean Gaztela-Mantxako Musika Jaialdiak ematen duen Ignacio Morales Nieva Musikako Sari Nazionala jaso zuen.
Albaceteko Orkestra Sinfonikoaren ohiko zuzendaria da 2001az geroztik, eta Murtziako UCAMeko Orkestra Sinfonikoaren eta Oportoko (Portugal) Banda Sinfonikoaren zuzendari gonbidatu nagusia. Horrez gain, Orquestra de Vents “Filharmonia” taldea zuzendu eta Bandako Zuzendaritza irakasten du Vall d’Albaida Eskualdeko Musika Eskolan. 2009tik hona, Istituto Musicale G.A. Fano de Spilimbergo (Italia) deritzon erakundeko ikastaroen Zuzendari Artistikoa da, eta irakasle gonbidatu lanean dihardu Trentoko (Italia) ISEBen eta Kolonbiako Kultura Ministerioaren Bizikidetzarako Musika Plan Nazionalean. Alemania, Argentina, Belgika, Kolonbia, Kuba, Eslovenia, Espainia, Holanda, Ingalaterra, Italia, Portugal, Errumania eta Suitzako hainbat talde sinfonikoren zuzendari gonbidatua izan da. Ganberako lanak, lan sinfonikoak, koralak eta antzerkirako musika intzidentala konposatu ditu, baita Balansiyyà. Bandarako musika biltzen duten 20 CD grabatuak ditu Audiart, RTVE, FLOC, TABALET eta DE HASKE zigiluekin.
Kontzertu guztiak igandeetan eguerdiko 12:00etan izango dira Euskalduna Jauregiko Auditorioan, eta prezioa herrikoia, 2 eurokoa, izango da. Sarrerak txarteldegietan, www.euskalduna.net webgunean eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira. Sarrerak zenbakituta daude, musikarekiko duten grina Bandarekin zein lekutatik konpartitu gura duten aukeratzea atsegin duten pertsonengan pentsatuta.
2015-2016 udazkeneko-neguko denboraldia:
- Urriak 25, igandea, Pintura ezagutzen
Gure zuzendari titularra, Jose R. Pascual Vilaplana, Bilboko Udalaren Musika Bandaren gidari jarriko da Aldo Rafael Forte edo Johan de Meij bezalako maila duten musikagileen obrak zuzentzeko.
- Azaroak 8, igandea, Musika berriak ezagutzen
Zuzendaria: Jose R. Pascual Vilaplana
Kontzertu honetan Hilario Extremiana euskal konpositorearen Tres improvisaciones, cadencia y final izeneko obra estreinatuko da, J. Rafael Climentekin klarinete-jotzaile bakarlari moduan. Claude Debussy, Voro Garcia eta Jose Miguel Fayosen obrak ere entzun ahal izango ditugu.
- Azaroak 29, igandea, Dantza ezagutzen
Zuzendaria: Jose R. Pascual Vilaplana
Gonbidatua: Ines Olabarria, mezzosopranoa
Ines Olabarria mezzosoprano bakarlariaren partaidetzarekin, Manuel Fallaren El amor brujo (L. Sanchez-Romanosen modaketekin) eta Sergei Prokofieven Romeo eta Julieta (Balleterako suitea) obrak joko ditu Bandak. Ines Olabarria bilbotar mezzosopranoak Antzinako Kantuko Masterra egin du Milango Giuseppe Verdi Kontserbatorioan. 2000. urtean debutatu zuenetik hainbat opera eta proiektu lirikotan hartu du parte Frantzian, Italian, Espainian eta Mexikon. Liadov, Prokofiev eta Fallaren obrak.
- Abenduak 20, igandea, Gabonak ezagutzen
Zuzendaria: Iñaki Urkizu Kerejeta, Bilboko Bandaren zuzendariordea
Gonbidatua: Ainara Ortega, abeslaria
Kontzertu honekin amaituko da Udalaren Bandak Euskalduna Jauregiko Auditorioan 2015eko kontzertuen denboraldia. Hortaz, eta gabonak hurbil direnez, amaiera moduan, Bandak bere zuzendariorde Iñaki Urkizuk zuzenduko duen beren-beregiko kontzertua eskainiko du. Ainara Ortegaren partaidetza izango du, aparteko ahotsa aparteko kontzerturako. Arlem, Jobim, Mc Hugh eta Styneren obrak.
2016. urtea
- Urtarrilak 24, igandea, Literatura ezagutzen
Zuzendaria: Jose R. Pascual Vilaplana
Beste aparteko kontzertu batekin emango diogu hasiera urteari. Udal Bandak, Jose R. Pascual Vilaplana zuzendariaren batutapean, Roque Bañosen, Andres Valero-Castellsen, Juan Caneten, Jesus Guridiren eta Leonard Bernsteinen obrak joko ditu, besteak beste.
- Otsailak 7, igandea, Musika helvetiarra ezagutzen
Zuzendaria gonbidatua: Franco Cesarini
Mundu osoan ezaguna den Franco Cesarini zuzendari eta konposatzailearen eskutik, ikus-entzuleek Dalcrozeren, Huberren, Honeggerren eta Cesarini beraren lanez gozatzeko aukera izango dute.
- Otsailak 21, igandea, Beste garai batzuk ezagutzen
Zuzendaria: Jose R. Pascual Vilaplana
Flauta-jotzaile bakarlariak: Claudy Arimany eta Juan Jesus Silguero
Oraingoan Pascual Vilaplanak zuzenduko du berriro banda eta paregabeko bi flauta-jotzaile bakarlari: Claudi Arimany eta Juanjo Silguero. Franz Doppleren Concert pour deux flûtes joko dute. Richard Wagner-en, William Schumanen eta Miguel Asins Arboren obrak entzuteko aukera ere izango dugu.
- Martxoak 20, igandea, Haurtzaroaren lilura ezagutzen
Zuzendaria: Jose R. Pascual Vilaplana
Søren Hyldgaardek eta Franco Cesarinik ipuinen mundura eramango gaituzte gure haurtzaroa gogoratzeko Bilboko Udal Musika Bandaren eskutik, Pascual Vilaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean.
- Apirilak 17, igandea: Oroipenak ezagutzen
Zuzendaria: Jose R. Pascual Vilaplana
Bakarlaria: Vicente Zaragoza Llorca (marimba)
Denboraldia amaitzeko bestelako instrumentu bakarlaria: marimba. Vicente Zaragoza BOSeko perkusionistak Ramon Garcia i Solerren Concierto para marimba obra eskainiko du. Rafael Mullor Grauren, Philip Wilbyren eta Paul Huberen obrek osatuko dute udazkenko neguko kontzertu zikloari amaiera emango dion kontzertu honen programa.