Bilbok bilketa selektiboa martxan jartzeko "10 urte galdu dituela" salatu du Ekologistak Martxan elkarteak

uriola.eus 2015ko urr. 22a, 09:05

Zabalgarbiko errauskailuaren 10.urtemuga betetzen denean, eta instituzioek "ospakizunerako data" dela aipatzen duten honetan, Ekologistak Martxan elkartearen arabera "10 urte galdu dira". Hamar urte "ingurugiroan, osasunean eta Europar Batasuneko irizpideetan oinarritutako hondakin kudeaketa sistema martxan jartzeko".

Urte hauetan instituzioek "errausketaren alde egin duten apustua agerian" geratu dela azpimarratu dute ekologistek. Modu honetan birziklapen tasa %40koa da, datu ofizialen arabera. Talde ekologistak ohartarazi du tasa hori Europar Batasunak 2020rako markatzen duen %50etik "urrun" dagoela, eta 2030erako %70etik "oso urrun".

Zabalgarbiko errauskailuak eragiten duen "kaltea" ere nabarmendu nahi izan du Ekologistak Martxanek, besteak beste, negutegi efektuko gasen eta zepa askoren (urtean ia 45.000 tona) sortzaile delako.

 

Ekologistak Martxanen oharra

Zabalgarbik, Bizkaiko hondakinen erraustegiak, ba al du bere 10. urteurrena ospatzeko arrazoirik?

Euskal Erakundeek baietz uste dute, izan ere Eusko Jaurlaritzak, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zabalgarbi empresa semi-publikoak (edota semi-pribatuak, segun eta nola begiratzen den) hondakinen errausketarekin jarraitzea erabaki dute, Zabalgarbiren 10. urtemuga ospatuz.

Ekologistak Martxanentzat berriz, hondakinen tratamendu eta kudeaketarako bestelako sistemak martxan jarri ahal izateko galdutako 10 urte izan dira hauek; ingurugiroa, osasuna eta europear ingurumen-araudiarekin bat datozen sistemak, hain zuzen ere. 10 urte Bizkaian hondakinen errausketa sistema baino aukera gehiagorik gabe, lurralde hau hiri-hondakin solidoen (HHS) birziklatzea %40ko portzentaiean kokatuz, hori zenbakietan tranparik egin ez bada behintzat. Europear Batasunak 2020rako eskatzen duen %50etik urrun eta 2030erako gomendatzen duen %70etik oso urrun. Bilboko Udalak, berriz, 10 urte galdu ditu bilketa selektiboan, eta euskal hiriburuen artean azkena da...

Zabalgarbik hondakinak behar ditu. Zertarako eta zergatik birziklatu eta aprobetxatu?

Azken urteotan Ekologistak Martxanek publikoki salatu du Zabalgarbiko hondakinen tratamendurako instalazioak eragin handia duela ingurumenean, hondakinak modu ez eraginkor batean balioztatzen dituela eta gainera ekonomikoki ez dela iraunkorra.

Honako salaketa zehatz hauek egin ditugu:

*    Euskal Herrian, negutegi efektuko gasen isurtzailerik haindienen artean bosgarrena da Zabalgarbiko errauste planta, datu ofizialen arabera, eta hirugarrena jatorri biogenetikoko CO_2 -a ere kontuan hartzen duten isurketa errealei erreparatzen badiegu.

*    Zabalgarbik egiten duen hondakinen balioztatze materiala oso txikia da, txatar metalikoak baino ez baitira aprobetxatzen. Errausten diren hondakinak selektiboki jaso eta modu egokian landuko balira birziklatze instalazioetan balioztatze maila askoz ere handiagoa litzateke.

*    Zabalgarbin egiten den errausketak zepa asko sortzen du (urtean ia 45.000 tona) eta Bizkaiko Foru Aldundiak baieztatzen duenaren kontra, zepa horiek ez dira birziklatzen, eta hondakin ez-arriskutsuko zabortegi batera botatzen dira. Momentu honetan zalantza daukagu Zabalgarbi martxan hasi zenetik sortutako izaera arriskutsuak izanik ez ote diren, eta agian hondakin arriskutsuko zabortegi batean tratatuak izan beharko zuten.

*    Zabalgarbin errausten diren hondakinen balioztatze energetikoa, errauste-labearekin integratuta dagoen gas naturaleko ziklo konbinatu baten bitartez egiten da. Zabalgarbiko hondakinen balioztatze energetikoak, ezinbestez, hondakinen beroa erabiltzen duen sorkuntza elektrikoaren sistemaren funtzionamendua eskatzen du. Informazio iturri desberdinetatik jasotako datuek azalarazten dutenaren arabera, azken urteotan Zabalgarbik ez du sorkuntza elektrikorik erabili hondakinak erraustu dituen denbora luzean (hiru hilabete baino gehiago 2013an eta gutxienez hilabete bat 2014an). Epe horietan erraustutako hondakinak ezin dira energetikoki balioztatutzat hartu.

*    Zabalgarbin sortutako elektrizitatearen frakzio handi batek gas naturalean du jatorria (%70 inguru). Gainontzeko %30 erraustutako hondakinei dagokie, beti ere labea hondakinak errausten baildin badago, eta bertatik datorren beroa sorkuntza elektrikoaren unitatera iristen den bitartean. Izan ere datuek azaltzen dutenaren arabera, urte batzuetan Zabalgarbiren sorkuntza elektrikoko orduak gehiago izan baitira, errausketa-labearen funtzionamenduarenak baino. 2006an lurrun-turbinak izandako matxurak ere hondakinen energia inola ere ezin aprobetxatzea suposatu zuen denbora luzean. Hala eta guztiz ere instalazioak elektrizitatea sortzen jarraitu zuen gas naturaleko turbina bakarrik erabiliz.

*    Aurrekoak ez luke garrantzirik izango – gas naturala errez elektrizitatea sortzea ez dago debekaturik- , ez balitz Zabalgarbi bere hastapenetatik Erregimen Bereziaren hobariak jaso dituelako, urte batzuetan 17 milioi euro baino gehiago eskuratuz. Hobari edo sari horiek %70ean gas naturaletik sortzen den elektrizitateari esker jaso izan dituzte – eta 2006an ziur aski erraustutako hondakinak erabili gabe, lurrun-turbina matxuratuta baitzegoen-, eta gure inguruko ziklo konbinatuek dituzten efizientzia maila baino askoz ere baxuagokoa izanik (portzentajezko 10 puntu baino gehiago). Ekologitak Martxanetik zalantzan jartzen dugu hobari edo sari horien eskuratzea zilegia ote den; gutxienez horren berri ematea eskatzen dugu, eta batipat Zabalgarbiko hondakinen errausketak dakarren benetako kostua kalkulatzeko orduan kontuan hartzeari premiazkoa deritzogu.

Gai horiek guztioriek publikoki salatu dira. Bai Bizkaiko Foru Aldundia, bai Eusko Jaurlaritza, gaiok argitzera deituak izan dira, informazio-eskaeren bitartez. Administraziook dira, gainera, Bizkaiko hiri-hondakin solidoen kudeaketaren arduradun Euskadiko industria planten ingurumen kontrolaren arduradunak. Gogora dezagun, bestalde, Bizkaiko Foru Aldundia Zabalgarbiren %30aren akzioduna dela, eta Eusko Jaurlaritza Zabalgarbiren sustatzaile eta akzioduna ere izan dela, EVEren bitartez.

Bizkaiko Foru Aldunditik eta Eusko Jaurlaritzatik azken hileotan eskuratutako erantzunek ez digute Zabalgarbiren jardueraren inguruan genituen zalantzak argitzen lagundu. Horregatik, dei egiten diegu Bizkaiko Batzar Nagusietako eta Eusko Legebiltzarreko talde politikoei, gobernuaren jardunaren kontrolean duten ardurari ekin diezaioten eta gobernuak interpela ditzaten, honako gai hauei dagokienez:

*    Errekuntza-zepen sei hileko karakterizazioak, Zabalgarbiren Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) D.5.2. a) atalaren lehen paragrafoa bete beharko dutenak. Gure ustez, karakterizazio horiek ezinbestekoak dira Zabalgarbin sortutako zepak hondakin ez-arriskutsutzat jo behar diren ala, ostera, hondakin arriskutsu gisa kudeatu beharrekoak diren ebazteko. Susmatzen dugu -eta horretarako arrazoiak baditugu- karakterizazio horiek ez direla existitzen.

*    Ondokoen funtzionamenduaren ordutegi-erregistro zehatzak, martxan egon diren urte guztietakoak: labe-galdara (1. fokua IBBn), berreskuratze-galdara (2. fokua) eta gas-turbinako eta lurrin-turbinako elektrizitate-sorkuntzak. Hartara, argitu ahal izango da erraustutako hondakinak balorizazio energetikoz erraustu diren, eta elektrizitate-sorkuntza erraustutako hondakinen balorizazio energetikoz egin den. Gure aburuz, Zabalgarbiren IBBren Ingurumen Zaintzako Programan sartuta egon behar da informazio hori guztia, D.9.2 f) puntuaren aplikazioan (besteak beste).

*    436/2004 ED, 661/2007 ED eta 413/2014 EDren aplikazioz Zabalgarbik jasotako hobariak. Erret Dekretu horiek energia-iturri berriztagarrietatik, baterako sorkuntzatik eta hondakinetatik eratorritako energia elektrikoaren sariak arautzen dituzte.

 

Ekologistak Martxan Bizkaia. Hondakinen Batzordea

www.ekologistakmartxan.org