Martxan da beste urte batez 'Ibiltarien Sarea' Bilboko ibilbideen programa

uriola.eus 2015ko urr. 22a, 10:35

Uriko barrutietako parke eta berdeguneetan zehar zenbait ibilaldi egiteko taldeak eratzea sustatzen du programak. Aztura osasungarriak hartzea, sedentarismoa baztertzea eta gizarte-harremanak sustatzea dira helburuak. 

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak 'Ibiltarien Sarea' programari ekin dio berriz ere urrian, bilbotarrek aztura osasungarriak har ditzaten bizitza aktiboa eskainiz.

Sedentarismoa baztertzeko eta gizarte-harreman gehiago edukitzeko dago pentsatuta programa. Horretarako, hilean 12 ibilbide prestatu dira uriko parke eta berdegunetan zehar.

Astelehenetik barikura, 11:00etatik 13:00etara, izango dira ibilaldiak eta ez dago izena eman beharrik. Egutegian azaldutako lekuan adierazitako orduan egotea nahikoa da parte hartzeko. Udalaren webgunean dago hileko egutegia: www.bilbao.net. Gainera, aurten ibilbideak jasotzen dituzten foileto batzuk argitaratu dira eta horiek herritarren esku daude barrutietako udaltegietan.

2014-2015eko denboraldian batez beste hilean 692 pertsonak parte hartu zuten programa honetan.  Guztira 5.500 bilbotar baino gehiago izan ziren ibilaldiren batean parte hartu zutenak.

Ibilbide errazak

Programak ibilbide errazak proposatzen ditu, beste bilbotar batzuekin batera, uriko parke eta berdeguneez gozatzeko. Aukeratutako lekuetan jarlekuak, iturriak, komun publikoak, gimnasia egiteko zirkuitu txikiak eta beste azpiegitura batzuk egoten dira. Ibilaldien iraupena, gutxi gorabehera, ordu bikoa izango da. Hasieran berotze-ariketak egiten dituzten parte-hartzaileek eta behin ibilaldia amaituta luzatze-ariketa batzuk.

Esperientzia eta prestakuntza duten monitoreek gidatzen dituzte ibilaldiak eta jarduera dinamizatu eta atseginago egiten dute, ibilbideko puntu interesgarriei buruzko informazioa emanez eta oinetakoei, ibilbideei, luzatze-ariketei, hidratazioari eta beste gai batzuei buruz aholkuak emanez.

Parte hartzen duten pertsonek euren aldetik talde-dinamika propioa edukitzea; hau da haiek euren kontura uriko barrutietan taldeak sortzea eta antolatzea da programaren helburua.