Bilboko Txistulari Bandak munduko doinuez beteko du Euskalduna Jauregia urriaren 26an

uriola.eus 2015ko urr. 23a, 08:00

Munduko hainbat lekutako musika entzungo da astelehen honetan, urriaren 26an, Euskalduna Jauregian, Bilboko Udal Txistulari Bandaren eskutik. 'Bidaia' izenburua daraman udazken-neguko denboraldiko bigarren kontzertuak bandako bost kideak elkartuko ditu.

Garikoitz Mendizabal zuzendaria buru dela, Idoia Kareagak, Sabin Bikandik, Gorka Zabaletak eta Asier Garciak musika-bidaia eskainiko dute Euskal Herriko, Austriako, EEBB-tako, Irlandako edo Frantziako adierazpen folklorikoetatik. Emankizuna dohainik izango da eta arratsaldeko 20:00etan hasiko da Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan.

Euskalduna Jauregiko eserlekutik mugitu gabe, txistu doinuen eskutik munduko hainbat tokitara egiteko bidaia da honako hau. Jarlekuan eseri, akaso begiak itxi, eta kontzientzia alde batera utziaz irudimenari eta sentipenei lekua uzteko tartea. Ikusentzuleek Austriara edo Frantziara bidaiatu ahal izango dute, musikaren magiari esker.

Bilboko Txistulari Banda, XXI. mendeko juglareak

Gogoratu Bilboko Txistularien Banda munduko danbolinteroen elkarte profesional bakarrenetakoa dela, Erdi Aroan musika-jole eta juglareen udal taldeak izan zirenaren lekuko bizia. Gaurko Txistulari Bandak 2004ko urtarrilean ekin zion ibilbideari, eta urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Era askotako eszenatokietan eskaintzen dituzten emanaldien aniztasunagatik: Euskalduna Jauregiko Auditorioko kontzertuak, barikuetan Zazpi Kaleetako kalejirak, BilbaoMusikaren egoitzako kontzertu didaktikoak edota Bilboko Udaleko protokolozko ekitaldi eta harreretako musika-akonpainamendua.

Azpimarratzekoa da Bilboko Musika Bandarekin egindako mundu mailako estrenaldia, Gregory Fritz amerikarraren Euskal Dantzak 2004n. Bandak bere ibilbidean baditu diska batzuk kaleratuak: 2004an Bilboko Udal Txistulari Banda; 2006an Alos Quartet Harizko Laukotearekin Harizko Txistua izenburua zuena. 2007an Hala ere musikari ospetsuen laguntzaz, hala nola, Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabala besteak beste. 2010ean Kantari Gabonetan diska Leoiako Kantika Koralarekin. 2014n Plazan eta orain, X urte, hamaika lagun CD/DVDa.

Egitaraua

- 'Zortzikoa' Kandido Albistur Moldaketak: J. I. Ansorena 

- 'Tambourin¡' Jean-Philippe Rameau/Philibert de Lavigne Mold.: J. I. Ansorena/ G. Zabaleta 

- 'La valenciana' Larrañaga Mold.: J. I. Ansorena

- 'Melancholic Memphis memo' Jos Wuytack Mold.: J. I. Ansorena 

- 'Divisions upon an Italian ground' Robert Carr Mold.:G. Zabaleta 

- 'Rapsodia irlandarra' Carlos Sanchez Ekiza 

- 'Bi austriar doinu' Alexander Iribar Ibabe 

- 'Lau ataleko alborada' Jesus Guridi Bidaola

Hurrengo kontzertuak

- Azaroak 2, 20:00etan. Khami esperientzia musikal oso berezia da. Askatasun handiz aztertzen ditu euskal kulturako sustrai sakonenak eta benetakoenak. Carlos Sagi (konposizioa, moldaketak, zuzendaritza, bateria eta perkusioa), Garikoitz Mendizabal (txistuak, txirula eta silbote), Iñaki Salvador (pianoa), Kike Arza (kontrabaxua) eta Iraide Ansorena (perkusioa). A3 Aretoa. Euskalduna Jauregia. Dohainik.

- Azaroak 16, 20:00etan. Bilboko Udal Txistulari Banda Tradizionala. Txistuaren, milaka urte izan arren modatik kanpo geratzen ez den musika tresna horren musika, estilo tradizionalenean. A3 Aretoa. Euskalduna Jauregia. Dohainik.

- Abenduak 20, 20:00etan. Txistulari Bandaren Gabonetako Kontzertua Euskeria Abesbatzarekin. Denboraldi osoko kontzerturik hunkigarri eta familiarrenetakoa izango da. A1 Aretoa. Euskalduna Jauregia. Dohainik.