Errepublikaren aldarrikapena, ondorengo urte gorabeheratsuak, 1936ko estatu kolpea eta ekarri zuen gerra, garaileen ospakizunak 1937ko udan ... Horiek dira 'Retazos y pinceladas' liburuan Celina Ribechinik jorratu dituen gai nagusiak.
Liburuak Bilborekiko lotura estua dauka. Hamaika atal eskaintzen dizkio bizkaitar hiriburua ardatz izandako gertakizunei: Alcalá Zamora Espainiako presidenteak egin zuen bisitaldia, gerrako bonbardaketak, espetxeetan egindako sarraskiak... Baina bereziki interesgarria da Bilbon 1937ko udan frankistek egin zituzten jai eta ospakizunei eskainitako tarte zabal eta sakona: Begoñako Andra Mariaren bitxien kasua eta abuztuan zein irailean egin zituzten festa, prozesio eta meza sorta xelebre eta iraingarria.
Liburuaren azken zatian, ostera, Ribechinik bere bizitzako pasarte eta gomutak papereratu ditu. Gerra ostean eta frankismoan kokatu ditu lekukotasun horiek. Horietako batzuk Iruñean gertatu ziren, bilbotarra izan arren Ribechinik urte asko eman baitzituen euskaldunen hiri buruzagian.
Horrez gain, egileak ohi duen bezala, eranskin mardula dakar liburuak jatorrizko testu sorta luze eta argigarriarekin. Ahalegin handia egin du, halaber, garai hartako argazkiak eta irudiak lortzeko eta plazaratzeko. Horietako batzuk aurretik argitaratu gabeak dira.