Agerraldian azaldu dutenez, guztira, 29 irain zein mehatxu eta 2 eraso fisiko zenbatu dituzte azken hiru hilabetean; azkena, urriaren 21ean San Mamesen. Honen aurrean, horrelako jarrerak gaitzetsi eta "arazo larri honi berehalako irtenbidea ematea" eskatu dute.
Beraz, enpresaren zuzendaritzari "gaiari irmoki heltzea" exijitu diote; "arazoa egiturazkoa da, ez unekoa eta ondorioz, 2007an ezarritako protokoloa eta neurriak aplikatzen" jarraitzeko beharra azpimarratu dute.
Langileei berriz, "lasaitasuna eta profesionaltasuna" eskatu diete; baita, erasoiei aurre egiteko neurri egokiak aurkitzeko ekarpenak egitea ere.
Ondoren, gizarteari begira jarri dira, Metroko langileekiko "errespetuz eta elkarlanean" aritzera gonbidatuz, "garraio hau erabiltzen duen %99ak egin bezala".
Bukatzeko, mahaigaineratu dute, onartezina dela "gutxi batzuen jokabideak gehiengoaren portaera egokiari itzal egitea"; beraz, horrelakorik berriro gerta ez dadin, enpresa batzordetik lanean jarraituko dute. Orain arteko erasoak aztertzen dabiltza: zein prebentzio-neurri, baliabide, pertsonal zein diru erabili balizko irtenbideak bilatzeko. Bestalde, horrelako erasoak gertatzen diren bakoitzean hauek salatu eta mobilizazioak egingo dituztela aurreratu dute.