Ohore tristea izan du azkenengo urteetan Jabik: Europako egunkari bateko zuzendari preso politiko bakarra izatea. Tristea da, bai, baina harro egoteko modukoa ere bai. Adierazpen askatasuna defendatu eta errealitate bihurtzeagatik izan baitute gatibu. Adierazpen askatasunaren -askatasuna bera-beraren- etsaiak krudelak direlako.
Baina ez da hori Jabi Salutregi omentzeko euskal gizarteak duen arrazoi bakarra. Eta ezta euskal kazetaritzak ere.
Jabiren ibilbide profesionala soka luzekoa da. Eta urte luzez erakutsi du (erakutsi digu) nola kazetaritza, duintasunez landuta, tresna aurrerakoi, iraultzaile eta zintzoa izan daitekeela.
Deia-n hasi zen, aspaldiko gazte garaietan, Gorka Knorr eta gerora oso ezagunak izango ziren beste lankide batzuekin. Baina laster egin zuen salto Egin egunkarira. Madrilen, oso garai ilunetan, Carrero Blanco bizirik zegoela, ikasi zuen kazetaritza, Euskal Herrian lantzeko.
Eta Egin-en ezagutu nuen, beranduago, 1984an, hain zuzen ere. 'Euskadi Politika' izeneko sailean. Bera kazetari landua eta ni ikasle koxkorra.
Urte gogorrak ziren. Borroka handi eta odoltsuen urteak. Hernanin bizi zelarik, BVEko mertzenarioek hainbeste sarraski burutu zituzten, zazpi hildako lurrean utziaz eta Egin egunkariko zuzendaria eta zuzendariordea erredakziotik irtetzen ez zirelarik, ezta lo egiteko ere. Hain handia zen bizi zen tentsioa!
Orduan ezagutu nuen Salu. Kazetari arduratsua, lagun ezin hobea, nortasun handikoa. Gero eta ardura gehiago hartu zituen Egin-en eta Josu Muguruza ahantzezina, gauerdian, ezustean, espetxetik kaleratu zutenean, ziztu batean kotxea hartu eta Alcalara gerturatu zena. Urte batzuk lehenago Carreroren inguruko sarekada batean atxilo eraman zuten lekutik gertu. Behin eta berriro, urteak aurrera joan ahala, konpromiso maila bera mantenduz.
Kazetari, lagun eta abertzale bezala ezagutu dut Jabi. Eta hiruretan 'ona' bezela definitu dezaket.
Egin-eko garaietan, zuzendaritzaren ardura onartu zuenean aldaketa sakona eragin zuen. Zuri-beltzetik kolore bizietara pasa ginen. Eta kazetaritza biziagoa bultzatu zuen. Bai horixe.
Ertzean genbiltzala bagenekien. Betidanik, alegia, baina une zehatz batean espaniar Estatuak, euskaldunon borrokan ez zela garaile izango konturatu zen, eta ezkerreko euskal independentisten aurka bortizki jo zuen.
Baina hori ere nahikoa ez zela eta, Egin egunkariaren kontra jo zuen. Lotsarik gabe. Nork ahaztuko Aznarren esana: "¿Creían que no nos íbamos a atrever?".
Bihar Jabi Salutregi kalean izango da. Askatasun fisikoa izango du. Baina konbentzituta nago beti izan dela gizon askea. Sortzez aske eta errebeldea izan delako.
Ongietorririk beroena emango diogu!