Bere azken diskoaren 'Herri txiki zahar honetan' aurrerapen kantua kaleratu du Josu Bergarak

uriola.eus 2015ko urr. 28a, 13:51

Abeslari bilbotarrak azaroaren 3an, asteartean, 'Kanta txikien indarra' izeneko disko berria aurkeztuko du prentsaurrean Bilboko Kafe antzoan. Gaurkoan, azken disko honen aurrerapen kantua, Herri txiki zahar honetan, jendarteratu du.

Lan berri hau zuzenean grabatu zuen ekainaren 18an, beste zortzi musikariren laguntzaz; haien artean Nerea Alberdi biolinjoleak eta Mikel Nuñez Lauzirika pianojoleak protagonismo berezia dutela. Dani Gonzalez baxua jotzen, Txema Arana baterian eta Natalia Wang, Ariadna Villate eta Claudia Diez (biolina, biola eta txeloa) ere zuzeneko grabaketan parte hartu zuten. Bilboko Bigorringo eta Euridia estudioetan edizioa eta masterizazio lanak bukatu ondoren, hamalau abestiz osatutako lan berria prestatu dute.

Bestalde, 'Kanta txikien indarra' (Taupaka elkartea, 2015) diskoaren grabaketan Mikel Markez bakarlariak, Gaizka Peñafiel trikitilariak, Maria Rivero eta Ane Martinez abeslariak eta Izaskun Canga ukelele jotzaileak kolaboratu dute.