Paco Ibañezek 'Vivencias' lana zuzenean eskainiko du igandean Arriagan

uriola.eus 2015ko urr. 29a, 12:07

Arriaga Antzokiko eszenatokiak gaztelaniazko musika herrikoiak eman duen abeslari garrantzitsuenetakoa jasoko du igande honetan, azaroaren 1ean, arratsaldeko 19:00etan. 

Paco Ibañez, bere 81 urteekin, abestiaren legenda bizia eta munduaren aurrean konpromisoa duen artistaren eredu da, mota guztietako errealitateak islatu dituzten letra bikainei esker. Eta horrela egin du beti, gainera, estilistikaren ikuspegitik gustu bikaina erakutsiz. Hori dela eta, poeten ahotsa dela esan ohi da. Lehen mailako gizon humanistaz eta artistaz hitz egiten ari gara, eta oraingo honetan bere lan berria, Vivencias, aurkeztera etorriko da, bere bizitza eta ibilbide artistikoa markatu duten abestietatik egindako bidaia.

2014an 50 urte bete ziren Federico Garcia Lorcari eta Luis de Gongorari eskainitako lehen diskoa argitaratu zuenetik Parisen 1964an. Erresistentzia kulturalaren sinbolotzat hartua izan da. Ordutik, artista irmo agertu izan da beti edertasuna, pentsamendu kritikoa, askatasunen defentsa eta kulturen aniztasuna bilatzeko borrokan, poesiaren eta musikaren bitartez.

Asko dira gogoratzen dutenak 60ko hamarkadan Paco Ibañez benetako enbaxadore antifrankista izan zela Parisen. Izan ere, bere etxea Frantziako hiriburua bisitatzen zuten artista, politikari eta intelektual asko igarotzen ziren eta harrera jasotzen zuten lekua izan zen. Baina bere ibilbidean oso ezaguna den kapitulu hori, bidegabekerien aurreko errebeldia eta internazionalismo militantea islatzen duten adibide askotariko bat baino ez da. Beste kausa askoren artean, kantautore valentziarra, frankismoaren aurkako borrokan, Pinochetek Txilen emandako estatu kolpearen aurka (Palabras para Julia kartzelan zeuden emakumeek euren egoerari aurre egin ahal izateko abesten zuten ereserkia izan zen), Videlak Argentinan emandako estatu kolpearen aurka, Bosniaren alde Serbiaren eta Bosniaren arteko gerran, langileen greben alde, Euskal Herrian Yoyesen hilketaren kontra edo Irakeko gerraren kontra aritu da.

Paco Ibañezen bizitzako mezua, poesia, musika eta arte plastikoak elkartzen dituen erabateko artista hau maite duten mundu osoko zenbait gizon eta emakume belaunaldiren arimaren sakonean errotuta dago. Hori dela eta, bere diskoek beti daramatzate Salvador Dali, Jose Ortega, Antonio Saura edo Jorge Oteiza, besteak beste, bezalako artista handien margoak edo eskulturak.

Eszenan jartzea

Eszenatoki gainean, Frederic Amatek diseinatutako eszenografia eder eta soilean, Paco Ibañez beltzez jantzita, gitarra eskuan, agertuko da, ikus-entzuleei poesiaren indarrak eta bere ondoan dituen musika-tresnen erritmoak biltzen duten abesti sorta eskaintzeko. Musika-tresna horiek Horacio Fumerok (kontrabaxua), Gorka Benitezek (saxo tenorea) eta Mario Másek (gitarra) joko dituzte.

Euskal Herria odolean

Aita valentziarra eta ama euskalduna zituen lau anai-arreben arteko gazteena da Paco Ibañez Gorostidi. Lehenengo haurtzaroa Bartzelonan igaro zuen, eta gerra zibilaren ostean familiak Frantziara joan behar izan zuen, aita CNTko militante anarkosindikalista baitzen. Aita atxilotu eta errepublikano espainiarrentzako lan eremu batera eraman zuten eta, ondorioz, ama, lau seme-alabak hartu eta Gipuzkoara itzuli zen lan egitera, amaren familiak Adunan zeukan baserrira, Pacok 14 urte egin arte. 1948an, familia, klandestinitatean, muga zeharkatu eta aitarekin elkartu zen Perpignanen.

1999an Paco Ibañezek Oroitzen argitaratu zuen, bere haurtzaroko oroitzapenak jasotzen zituen diskoa, amaren hizkuntzan, euskaraz, abesturik, Imanol kantariarekin batera. Diskoak, Jose Mª Gorrisek egindako Jorge Oteizaren bildukin-eskultura dauka. 

Ikuskizunerako sarrerak 16 eta 36 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.