Santutxuko eta Errekaldeko 30 bat tabernak azaroaren 5etik 8ra pintxoa eta San Miguel botila garagardoa (20 zentilitrokoa) bi euro eta erdian eskainiko dute. 'Bilbo dastatzeko I. ibilbidea: Santutxu-Rekalde' izena eman diote ekimenari. Bi auzoetako giroa berotzea eta tabernetako kontsumoa suspertzea du helburu.
Telefono mugikorretako 'Estamos de pintxos' aplikazioaren bitartez, Santutxu eta Rekaldeko pintxo ibilbidean parte hartzen duten lagunek pintxorik onenaren alde bozkatu ahal izango dute.
Deustuko V. Pintxo Lehiaketako saridunak
Deusto Bizirik merkatarien elkarteak aurten bosgarrenez antolatu du pintxo lehiaketa. 26 partaideen artean, Madariaga 33 tabernak aurkeztutako pintxoa izan da garailea. Azpizun medailoia Oporto saltsan kipula eta patatarekin pintxoa, hain zuzen ere. Gorka Val, Aida Villa, Rocio Garcia eta Isabel Vivancosek jaso dute lehen saria Madariaga 33ren izenean.
Bigarren postuan Bodartxo jatetxeak aurkeztutako pintxoa geratu da. Sari asko irabazitakoak diren Gorka Ganboa eta Estitxu Lezea pozik azaldu dira txerri iberiko masailaren pintxoak eskuratutako aitortzarekin.
Pintxo barrarik onenaren saria, ex aequo, La Tapak eta Deustoarrak irabazi dute, Bilbo eta Bizkaia mailako txapelketetan eskarmentu handia duten tabernak. Pintxo barrarik onenaren bigarren saria Oriotarrak eskuratu du.
Arreta onenaren saria Berezi tabernako Andrea Cuta eta Javier Alvarezi eman diote eta bigarren saria Dena Ona tabernako Pilar Renovales eta Ana Dezari.
Argazkia: Deusto Bizirik