Khami proiektuak 'Bazzque World Sounds' diskoa aurkeztuzko du Euskalduna Jauregian

uriola.eus 2015ko urr. 30a, 08:02

Azaroaren 2an, Udal Txistulari Bandaren udazken-neguko zikloak Khami proiektuarekin jarraituko du. Ikuskizunak Carlos Sagi Khami proiektuaren zuzendaria (konposizioa, moldaketak, bateria eta perkusioa), Garikoitz Mendizabal Bilboko Txistulari Bandaren zuzendaria (txistuak, silbotea eta alboka), Iñaki Salvador (pianoa), Kike Arza (kontrabaxua), Iraide Ansorena (perkusioa) eta Luis Gimenez (gitarra) elkartuko ditu eszenatoki gainean.

Elkarren artean 'Bazzque World Sounds' diskoa aurkeztuko dute ikus-entzuleen aurrean. Txistulari Bandaren kontzertu guztiak bezala, emanaldia doakoa izango da, eta arratsaldeko 20:00etan hasiko da Euskalduna Jauregiko A3 Aretoan.

Esperientzia musikal oso berezia da Khami. Askatasun handiz aztertzen ditu euskal kulturaren sustrai sakonenak eta benetakoenak, beste lurraldeetako folklorearekin alderatu  nahastuz. Euskal Herriko herri musikak eta folkloreak duen izaeran oinarrituta, proiektu honetan musika tresna ugari elkartzen dira (txistuak, danbolinak, albokak, perkusioa, pianoa, gitarrak, kontrabaxua...) goi mailako hainbat musikarik interpretatuta: Garikoitz Mendizabal, Iñaki Salvador, Carlos Sagi, Kike Arza eta Iraide Ansorena.

Helburu horiek lortzeko ahaleginean Carlos Sagi moldatzaile eta konpositorea da buru; bere ardura izan da sei lan original eta hiru euskal herriko kanta konposatu, ekoiztu eta zuzentzea. Euskal Herritik abiatuta, oso ibilbide interesgarria eta berezia egingo dute lehen aipatutako musikariek: errepertorio tradizionaletik hasi (Bautista Basterretxe, Akerra Ikusi Dugu edo Txirritaren Oriogarri) eta munduko beste hainbat lekutara joango dira (Brasil, Europako ekialdea, Asia...), XX. mendeko musika eta jazz berriena ere landuz.

Sormenezko ibilbide horretan, musika mota horien guztien elkarren arteko loturak eta sentimendu pertekatuak bilatzen ahalegintzen da Khami proiektua, esate baterako, lurrarekiko maitasuna, espiritualitatea edo kantuen handitasuna. Bizipen guzti hauek 'Bazzque World Sounds' deituriko taldearen lehen argitalpenean aurkituko ditugu. 

Udal Txistulari Bandaren hurrengo kontzertuak

- Azaroak 16, 20:00etan. Bilboko Udal Txistulari Banda Tradizionala. Txistuaren, milaka urte izan arren modatik kanpo geratzen ez den musika tresna horren musika, estilo tradizionalenean. A3 Aretoa. Euskalduna Jauregia. Dohainik.

- Abenduak 20, 20:00etan. Txistulari Bandaren Gabonetako Kontzertua Euskeria Abesbatzarekin. Denboraldi osoko kontzerturik hunkigarri eta familiarrenetakoa izango da. A1 Aretoa. Euskalduna Jauregia. Dohainik.