Arratoi-garbiketaren udazkeneko kanpainari hasiera emango diote barruti guztietan

uriola.eus 2015ko urr. 30a, 09:00

Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak arratoi-garbiketaren kanpaina berri bat hasiko du azaroaren 2an. Kanpaina hau Bilboko barruti guztietara helduko da, eta abenduaren 14ra arte iraungo du.

Kanpaina gauzatzeko, Udaleko teknikariek arratoiak hiltzeko produktua behar bezala identifikatutako poltsa hermetikoetan sartuko dute eta poltsa horiek arratoiek erabili ohi dituzten “txoko ekologikoetan” utziko dituzte: bide publikoko saneamendurako kutxatilak, sasitzak, arratoiak bertan finkatu diren zantzuak dituzten sastrakak, etab. Arratoiak hiltzeko erabiliko den produktua berezia da, koagulazioaren aurkakoa, eta ez die inolako kalterik egiten ez pertsonei, ezta etxeko animaliei ere. Horrez gain, produktua sarbide zaila duten guneetan aplikatuko da eta toxikotasunari buruzko informazioa adierazten duten irudi eta testuak izango ditu. Era berean, oso zapore mingotsa duen "bitrex” izeneko substantzia bat ere gehitu zaio pertsonek horiek ez jatea eragiteko.

Arratoiak kontrolatzeko egunero egiten diren lanez gain, Bilboko Udalak arratoiak hiltzeko kanpaina intentsibo bi garatzen ditu urtean, gutxienez. Aurreko kanpaina apirilean eta maiatzean gauzatu zen. Ohikoak ez diren lekuetan arratoiak ikusiz gero, 94 420 52 07 telefonoaren bidez Osasun eta Kontsumo sailari jakinaraztea gomendatzen da.

Aholku praktikoak

Osasun eta Kontsumo sailak honako aholkuak ematen dizkie herritarrei arratoiak ez ugaritzea saihesteko:

- Kale, parke, lur-sail edo bestelako inguruetan zaborrik ez bota (patio, lorategi,…) Zakarrontziak eta zaborrontziak erabili.

- Ez eman janaririk jaberik ez duten animaliei (katuak, usoak,…) Arratoientzako elikagai bilaka daiteke!

- Zaborra poltsa itxietan sartu eta poltsa bakoitza dagokion edukiontzira bota. Zaborra zaborrontzien kanpo aldean ez utzi.

- Patio, lonja eta bestelako leku itxietan putzuak edo ur-pilaketarik egotea saihestu, arratoiek ur hori edaten baitute. Ez altxatu patioetako saretoak eta daudenak baldintza egokietan mantendu.

- Etxea edo eraikinaren kontserbazio-baldintzak aldizka berrikusi eta baldintza egokietan mantendu. 0,5 cm baino gutxiagoko sarbide-zuloak zementu eta metal galbanizatuko sareekin itxi.

Egutegia

• 1. Barrutia, Deustu: Deustuko Done Pedro, Erribera, Arangoiti, Ibarrekolanda, San Inazio, Elorrieta, Elorriaga mendia, azaroak 2, 3 eta 4.

• 2. Barrutia, Uribarri: Castaños, Loruri, Matiko, Uribarri, Zurbaran, Arabella, Artxanda mendia, azaroak 5, 6 eta 9.

• 3. Barrutia, Otxarkoaga-Txurdinaga: Otxarkoaga, Txurdinaga, Iturritxueta mendia, azaroak 11, 12 eta 13.

• 4. Barrutia, Begoña: Begoña, Santutxu, Bolueta, azaroak 16, 17, 18 eta 19.

• 5. Barrutia, Uri Zaharra: Uri Zaharra, Zazpi Kaleak, Iturrialde, Solokoetxe, Atxuri, San Frantzisko, Bilbo Zaharra, Zabala, San Adrian, Abusu, Miribilla, azaroak 20, 23, 24, 25 eta 26.

• 6. Barrutia, Abando: Abando, Indautxu, azaroak 27 eta 30 eta abenduak 1.

• 7. Barrutia, Errekalde: Ametzola , Iralabarri, Errekaldeberri, Larraskitu, Uretamendi, Iturrigorri, abenduak 2, 3, 4 eta 7.

• 8. Barrutia, Basurtu - Zorrotza: Basurtu, Mazustegi, Olabeaga, Altamira, Zorrotza, abenduak 9, 10, 11 eta 14.