Gaur, azaroa 2, Khami ikuskizuna helduko da Euskalduna Jauregira. Khami "esperientzia musikal oso berezia" da. Askatasun handiz aztertzen ditu euskal kulturako sustrai sakonenak eta benetakoenak, eta beste lurraldeetako folklorearekin alderatu eta nahasten ditu. Proiektu honetan, musika tresna ugari elkartzen dira: txistuak, danbolinak, albokak, perkusioa, pianoa, gitarrak edo kontrabaxua. Carlos Sagi buru duen egitasmoak musikari handiak elkartuko ditu: Garikoitz Mendizabal, Iñaki Salvador, Kike Arza eta Iraide Ansorena.
Azaroaren 16an, astelehenean, sustraietan oinarritutako izango da Txistulari Banda tradizionalaren emanaldiaren protagonista. Denboraldi guztietan ohikoa denez, banda tradizionala eszenatoki gainera igoko da, musika gure nagusiek mendeetan zehar entzun zuten bezala eskaintzera.
Eta abenduaren 20an, igandean, Euskeria abesbatzarekin, jada ohikoa den Gabonetako kontzertuarekin esango diote agur urteari, ikus-entzuleekin batera. Urko Sangronizen zuzendaritzapean, 1985ean sortutako Bilboko Koral Elkartearen ahozko talde horrek zubi-lana egiten du Haur Koruaren eta Helduen Koruaren artean. Denboraldi osoko "kontzerturik hunkigarri eta familiarrenetakoa" izango da.
Kontzertu guztiak dohainik izango dira eta, Eguberrietako Kontzertua izan ezik, (A1 Aretoa), Euskaduna Jauregiko A3 aretoan eskainiko dira.
'X urte, hamaika lagun' CD/DVD
Gainera, aurten, kontzertu zikloaren hasiera, 2014ko ekainaren 28an Euskalduna Jauregiaren Auditorioa goraino bete zuen izen bereko kontzertuan grabatutako 'X urte, hamaika lagun' CD/DVDaren aurkezpenarekin bat etorriko da. Bere hamar urteak ospatzeko, egungo Bilboko Txistulari Bandak, ikuskizun ahaztezina eskaini zuen musikari eta artista asko eta asko elkartu zituen. CD/DVD hau salgai dago eta BilbaoMusikaren egoitzan (Sorkunde kalea, 8) eta Bilboko Pentagrama, Donostiako Erviti eta Gasteizko Musical Eduardo dendetan eskuratu ahal izango da, 15 euroko prezioan.
Guztira, 180 musikari, abeslari eta dantzari baino gehiagok Euskalduna Jauregiko eszenatokia partekatuko zuten. Udal Txistulari Bandarekin batera, Euskal Herri osoko txistu-irakasleek parte hartuko zuten, baita EOS eta beste talde batzuetako instrumentu-jotzaileek osatutako Metaleko Boskote batek, Leioako San Juan Bautista eta Kantika koralak, Beti Jai Alai dantza-taldeak, Los Cinco Bilbainos taldeak, Andoni Egaña bertsolariak, Eñaut Elorrietak (Ken Zazpi), Niko Etxartek, Gozategi taldeak, Kepa Junkerak, Gorka Sarriegik (Sorotan Bele) eta Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoek ere. Pianoan, teklatuetan eta akordeoian, programako obra gehienak moldatzeaz arduratu den Xabier Zabala egon zen, besteak beste.
CDak 18 kanta jasotzen ditu, kontzertuan interpretatu ziren berberak. Hasteko, Andoni Egañaren Herrimin eskaini zuten eta, amaieran, musikariek eta entzuleek Euskaldunak Gara! abestu zuten elkarrekin. Bitartean, Los Cinco Bilbainos taldearen Bermioko portuan, Gorka Sarriegiren Arratsalde honetan, Eñaut Elorrietaren Hemen Gaude, Gozategiren Udako Egunak edota Kepa Junkeraren Badator Marijaia entzun ahal izan ziren, besteak beste.
Bilboko Txistulari Banda, XXI. mendeko juglareak
Munduko danbolinteroen elkarte profesional bakarrenetakoa da Bilboko Txistularien Banda, Erdi Aroan musika-jole eta juglareen udal taldeak izan zirenaren lekuko bizia. Gaurko Txistulari Bandak 2004ko urtarrilean ekin zion ibilbideari, eta urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Era askotako eszenatokietan eskaintzen dituzten emanaldien aniztasunagatik: Euskalduna Jauregiko Auditorioko kontzertuak, barikuetan Zazpi Kaleetako kalejirak, BilbaoMusikaren egoitzako kontzertu didaktikoak edota Bilboko Udaleko protokolozko ekitaldi eta harreretako musika-akonpainamendua.
Azpimarratzekoa da Bilboko Musika Bandarekin egindako mundu mailako estrenaldia, Gregory Fritz amerikarraren Euskal Dantzak 2004n. Bandak bere ibilbidean baditu disko batzuk kaleratuak: 2004an 'Bilboko Udal Txistulari Banda'; 2006an Alos Quartet Harizko Laukotearekin 'Harizko Txistua' izenburua zuena. 2007an 'Hala ere' musikari ospetsuen laguntzaz, hala nola, Kepa Junkera, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabala besteak beste. 2010ean 'Kantari Gabonetan' diska Leoiako Kantika Koralarekin. 2014n 'Plazan' eta orain, 'X urte, hamaika lagun' CD/DVDa.