Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren, Zinebiren 57. edizioak aurrerapena eskainiko du gaurtik, azaroaren 6tik 13ra, Prezinebiren programazioarekin. Bertan, ohikoa denez, Bilboko Ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten erakundeek, taldeek, elkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek izango dute lekua. Berrikuntza gisa, aurten jaialdiak Zinebi-New Talents saria emango dio 2014-2015 ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenari. Saria 500 eurokoa izango da.
Beste proposamen batzuen artean, aurtengo edizioak, zine eskolek egiten duten lanaren erakusketa, Zinebiexpress lehiaketa, edo Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga bezalako profesionalekin, Ingelesa ez den beste Hizkuntza Batean egindako lan hoberenaren Oscar saria jasotzeko Espainiako Zine Akademiak proposatu duen euskaraz egindako Loreak (2014) lehen filmaren, zuzendariekin, izango den topaketa jasoko ditu.
Prezinebi ostiral honetan hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Campos antzokiko Kupula aretoan, Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen laguntzaz antolatutako topaketarekin. Bertan, ikus-entzuleek, Javier Sanchez Donate eta Igor Legarreta zine idazle gazteekin solasean aritzeko aukera izango dute. Gabe Ibañezekin batera, Antonio Banderasek ekoiztutako eta antzeztutako Automata (2014) lanaren gidoiaren arduradunak dira.
Hurrengo egunean, goizeko lehen orduan, 48 ordutan errodatutako film laburren Zibebiexpress lehiaketarako deialdi berria zabalduko da (goizeko 09:30etatik 10:30etara– Campos Antzokiko atarian). Izan ere, partaidetza bultzatzeko, eta jaialdia eta Bilbo edozein motatako istorioak kontatzeko eszenatoki ezin hobe gisa sustatzeko xedez, Zinebik zortzigarren urtez jarraian deitu du lehiaketa hau. Partaideek astelehen arratsaldera arteko epea izango dute euren lanak aurkezteko eta ostegunean, azaroaren 12an, sariak banatuko dira, Azkuna Zentroko auditorioan, arratsaldeko 20:00etan. Ekitaldi horretan lehiaketaren finalera heldu diren filmak ere eskainiko dira.
Larunbat honetan, baita ere, Simone de Beauvoir Kolektibo feministak topaketa eskainiko du Mar Collekin, azken belaunaldiko emakume zinegile azpimarragarrienetako batekin, Zuzendari Berrien Goya Saria irabazi zuen 2010ean. Saio hori arratsaldeko 20:00etan hasiko da Campos Antzokiko Kupula aretoan, eta Todos queremos lo mejor para ella (2013) filma eskainiko da, trafiko istripu ikaragarriaren ondoren bere bizitza berreraikitzeko ahaleginetan ari den emakume baten istorio dramatikoa
Zinebi - New Talents
Astelehenean eta asteartean, Kupula Aretoan baita ere, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilboko zine eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2014an eta 2015ean egindako lanak erakusteko bi saio eskainiko dira. Topaketan, EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateak, Erandioko Tartanga IEFPSk, IMVALek, eta Euskadiko Zine Eskolak hartuko dute parte. Berrikuntza gisa, aurten Zinebik Zinebi-New Talents saria emango dio lehen aldiz 2014-2015 ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur hoberenaren egileari. Saria 500 eurokoa izango da eta Zinebiren 57. edizioaren inaugurazio ekitaldian banatuko da, azaroaren 13an.
Gainera, Prezinebik, Zinebilab mintegi-tailerra jasoko du lehen aldiz azaroaren 9an,10ean eta 11n, EHUko Arte Eder fakultatean. Programaren barruan hitzaldiak, mahai inguruak eta zenbait jarduera praktiko jasoko dira. Horrez gain, solasaldia egongo da adituen eta partaideen artean, dokumental interaktibo edo webdoc izenekoek ikus-entzunezko industrian izan duten historiari, sorkuntza prozesuari, ekoizpen prozedurei eta aplikazioei eta aukerei buruz. Bertan parte hartuko dutenen artean Jorge Caballero Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dokumental Sortzaile Masterreko dokumental interaktibo eta postprodukzioko koordinatzailea eta 2006an sortu zen eta grafismoan, ilustrazioan, animazioan, multimedia programazioan eta webdoc-en eta aplikazio infografiko interaktiboen ekoizpenean diharduen Taller Estampa taldea daude.
Loreak
Beste urte batez, Prezinebik Fas Zine Klubaren laguntza ere izango du. Asteartean, azarparen 10ean, Campos antzokiko eszenatoki berean, Ingelesa ez den beste Hizkuntza Batean egindako lan hoberenaren Oscar saria jasotzeko hautagai izan daitekeen euskaraz egindako lehen filma izateagatik historia egin duen Loreak film luze txalotua eskainiko da. Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga ikus-entzuleekin solasean arituko dira, euren esperientziak, eta lore sorta misteriotsuetan bildutako maitasun eta heriotza istorio poetiko eta eder horren bitartez Hollywoodera daraman bide luzea konpartitzeko. Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da, eta María Martínek eta Judith Ruizek eskainiko duten Krego-Martin Danza konpainiaren dantza garaikide pieza batekin osatuko da.
Prezinebiren amaierako jaia ostiralean, Azaroaren 13an, 00:00etan izango da, Ribera Bilbao kafetegian, eta bat etorriko da, beste urte batez, ZINEBI 57 jaialdiaren inaugurazio ekitaldiarekin. Oraingo honetan, jaialdiak, Caostica Elkartearekin batera, omenaldi berezia eskainiko dio Nerd izenez ezagutzen den azpi-generoari, Ipar Ameriketako institutuetan eta unibertsitateetan gertatzen diren komedia zentzugabe samar horiei. Programan, beste batzuen artean, nerd filmen zatiak proiektatuko dira, neska animatzaileek dantzan egingo dute, mozorroak egongo dira, Miss eta Mister Nerd lehiaketa egongo da, eta Iparraldeko The Sparteens taldearen eta rockabilly musikan espezializatuta dagoen DJ Nash-en zuzeneko emanaldiak egongo dira.