2015eko urtarrilean prozesua hasi, eta ekain eta uztailean Tio Pete estudioan grabatu zuten Jose Lastra, Javi Peña eta Borka Muroren laguntzarekin. "Azkar egin dugu, baina ez presaka", adierazi du Urtzi Iza gitarra eta teklatu jotzaileak. Azaldu dutenez, oso argi zeukaten zer egin nahi zuten, eta gainera Jose Lastrak ere oso ondo ulertu eta jakin du taldeari laguntzen.
Ateratzeko beharra ere bazeukaten, Xabi Hoo EnkorƎko abeslariak esan duenez. Bestalde, lanaz zein prozesuaz gozatu egin dute: Izak azaldu du asko dibertitu direla sortzen eta grabatzen, eta emaitza oso ona da euren ustez; "oso gustura gagoz", gehitu du Hook.
Errekaldekoen esanetan, 'Ǝ' lanean "EnkorƎren arima" topatuko dugu. Izenburuak berak ere hori islatzen ei du: taldearen izenean erabiltzen duten alderantzizko E bera da, Errekalde beren sorlekuari ere erreferentzia egiten diona, eta 3 zenbariaren tankera duena.
Musika estiloari dagokionez, "melodia, dantza, leloak, rock-core melodikoaren sustraiak, armonien bizipoza, poparen samurtasuna, danceren eromena..." Hori dena aurkituko omen dugu lan honetan. Izan ere, bere arima mantentzen badute ere, esperimentazioaren bidetik ere jo dute. Horregatik, kutsu elektroniko eta dantzagarria ere badu lan berriak. Eta horrez gain, "barnetik idatzitako letrak" biltzen dira 10 kantuk osatzen duten 'Ǝ'-k; izan ere, zer eta nola esan asko pentsatu dute, Hook azaldu duenez.
Oihana Bartraren kolaborazioa ere izan dute, Espero dena kantaren letra konposatuta.