Josu Bergara kantautoreak 'Kanta Txikien Indarra' laugarren diskoa aurkeztu du

uriola.eus 2015ko aza. 3a, 12:35

Gaur goizean aurkeztu du Josu Bergara musikariak Kafe Antzokian, ekainaren 18an bertan grabatu zuen zuzeneko diskoa. Udan Bigorringo eta Euridia estudioetan edizio eta masterizazio lanak burutu ondoren, kalean da jada 'Kanta Txikien Indarra', Taupaka elkartearen zigilua duen bere azken lana. 

Diskoaren konposizio eta moldaketaz Nerea Alberdi biolinjole bilbotarra arduratu da eta Mikel Nuñez Lauzirika durangarrak piano moldaketak egin ditu. Txema Arana baterian, Dani Gonzalez baxuan, eta Natalia Wang, Ariadna Villate eta Claudia Diez (biolina, biola eta txeloa) hari-tresnetan aritu dira.

'Kanta Txikien Indarra' diskoa hamar abesti berriz eta lau zaharrez osatuta dago. Lan berri honetan melodien pisua eta freskotasuna agerian dira. Estilo aldetik, kantautorearen esentziari uko egin gabe, Bergarak pop disdiratsua eta swing moduko erritmoak ere landu ditu.

Diskoaren lehenengo singleak Herri txiki zahar honetan izenburua du, protesta kantuetatik gertu, Euskal Herriko zenbait kontu sozial eta kultural aipatzen ditu abestian. Tartalo kantuan euskal mitologiaren izaki begibakarraren ipuina abesti bihurtu du. Bilbo hiriari omenaldia egin dio beste kantu baten eta maitasun istorio txiki eta arruntentzako lekua ere utzi du Autobusean abestian.

Kolaborazioei dagokionez, Mikel Markez bakarlaria, Gaizka Peñafiel trikitilaria, Maria Rivero (Siroka, Hutsa) eta Ane Martinez (Zango) abeslariak eta Izaskun Canga ukelele jotzaileak zuzeneko grabaketan parte hartu dute.

Aurreko lanetan, Josu Bergarak bere abestien hitz guztiak idatzi izan ditu, baina disko berri honetan Hasier Rekondo idazleak Kosmos bera kantuan eta Bego Andres Urrestik Fandangoaren hotsa letrak idatzi dizkiote. Udane Goikoetxea kazetariak diskoaren hitzaurrea sinatu du, Jakin gura neuke olerkarekin. Lan berriaren itxura Sara Prieto ilustratzailarean esku geratu da.

Diskoa aurkezteko lehenengo kontzertuak Busturiako kultur etxean azaroaren 15ean eta Jatabeko Kultur etxean azaroaren 20an izango dira, hirukote formatuan, Mikel Nuñez eta Nerea Alberdiren laguntzaz. Durangoko Azokaren ahotsenea gunean ere egongo dira abenduaren 8an. Euskal Herriko areto eta antzoki ezberdinetan arituko dira 2016 urtean, Katalunian, Valentzian eta Madrilen ere diskoa aurkeztuko dute. 

Biografia eta diskografia

Josu Bergara Aretxabaleta (Ea, 1979) Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan egin zituen musika ikastetak. Biolontxeloa ikasten urte batzuk eman zituen eta 18 urterekin lehen aldiz gitarra hartu zuen. Orduz geroztik lau disko argitaratu ditu 'Karramarroen Hiria' (2006), 'Nora Zoaz' (2009), 'Katiuska Gorriak' (Taupaka Elkartea, 2012) eta 'Kanta Txikien Indarra' (Taupaka elkartea, 2015).

Josu Bergara musikariaren abestietan ahotsaren pisua eta goxotasuna nagusi dira, gitarra jotzeko modu berezia eta folk zein pop ikutua. Bere musikak Damien Rice, Glen Hansard, Herman Dune edo Ray Lamontagne kantuegileak gogorarazten ditu.

Napoka Iria, Pau Alabajos eta Marc Ramià musikariekin kolaboratu du. Abestiak ezagutzera emateko ikus-entzunezko formatu orijinalen alde egin du, adibide gisa Iñigo SBeltza zumarragarrak animazio teknika bereziekin prestatu dituen Bikini Beltza edo Nora zoaz bideoklipak.