Film hau lehen aldiz aurkeztuko da Europako Mendi-Zinemaldi batean. Pelikula Donostiako Zinemaldiko azken edizioan proiektau zuten Savage Cinema sailaren barruan, eta Sundanceko Jaialdian (AEB) dokumental onenaren saria eman zioten ikusleek.
Bilbao Mendi Film Festivalek ondo ezagutzen du Jimmy Chin, 2013ko edizioan Into the mind pelikula bertan aurkeztu, eta bere ibilbide profesionalari buruzko maisu-klasea eskaini zuelako.
Meru filmak personaien bizitza-erronkan eta adiskidetasun harremanetan sakontzen du eliteko hiru eskalatzaileren istorioa kontatzeko (Conrad Anker, Jimmy Chin bera eta Renan Ozturk). Euren iraganaren, barruko deabruen eta naturako elementu gogorrenen kontra borrukan egin beharko dute Meru mendiko (6.660m) marrazo-hegala, azkeneraino inoiz igo ez den Himalaiako tontor arriskutsu eta gatxenetakora igotzen saiatzeko.
Maiatzean izena emateko epea zabaldu zenetik, Bilbao Mendi Film Festivalek 133 pelikula jaso ditu, iaz baino hamar gehiago, jaialdiak profesionalen artean duen harrera onaren erakusle. Kontinente guztietako 22 herrialdetatik heldu dira lanak, Espainia izanik film gehien bidali dituana, osotara 27, eta AEBak bigarrena, 24rekin.
Hainbeste pelikularen artean aukeraketa egitea ez da batere erraza izan, pelikula kopuruak ez eze, lanen kalitateak ere gora egin duelako. Azkenean 13 herrialdetako 43 film erakutsiko dituzte sail ofizialean.
Aurtengo barrikuntzen artean, jaialdiaren asmoetako bat beteko da aurten, hau da, bertako produkzioa sustatzea eta euskarari garrantzia ematea, beti ere kalitateari eutsita; hori dela eta, Euskadin produzitutako lau pelikula aukeratu dira eta horretatik bik euskara dute jatorrizko hizkuntza.