Venezuela bertaratzen: ‘Dena ez da futbola’ euskal-venezuelar film laburraren proiekzioa

uriola.eus 2015ko aza. 9a, 09:00

Dena ez da futbola euskal eta venezuelar nazioetako haurrek egindako koprodukzioa da, eta bertan, beraien ikuspegitik begiratuta, futbolean sarritan gertatzen diren zenbait egoera azaltzen didira, adiskidetasuna eta genero berdintasuna argumentuaren oinarritzat hartuta. Gaur, hilak 9, pantailaratuko dute Kafe Antzokian.

Orain dela urtebete, giza balioei buruzko Keinuka mugaz gaindi – Un guiño, un sueño euskal-kubatar ekoizpena aurkeztu zuen Kurkuluxetan elkarteak Euskal Herrian eta baita munduko beste hainbat tokitan ere (Kuba, Belgika, Kolonbia, Venezuela…), eta egundoko arrakasta lortu zuen. Oraingoan Venezuelako Coro herria eta Bizkaiko Igorre herria lotu ditu Kurkuluxetan elkarteak.

Keinuka mugaz gaindi – Un guiño, un sueño filmaren ostean, Kurkuluxetan elkarteak genero berdintasuna eta adiskidetasunari buruzko filma grabatu du. Bertan agertzen diren artistak haurrak dira, eta eszenak Euskal Herrian, Arratian hain zuzen, eta Venezuelako Coro herrian grabatu dituzte. Igorreko institutuko eta Arratia futbol taldeko zenbait jokalarik parte hartu duten bezala, Venezuelako zenbait gaztek ere bere ekarpen artistikoa egin dute.

Lehen eszenak Arratian grabatu zituztela azaldu digute Kurkuluxetan tadeko kide Rita Naveirak eta Koldo Zelestinok. “Kostata” sartu ziren filmaren giroan, “lotsatuta” ibili ziren aktoreak. Venezuelan kontrakoa gertatu zen, jendearen izateko eta sentitzeko eragatik, “geldiarazi” egin behar izan zituzten aktoreak. Arazo teknikoren bat edo beste ere izan dute Venezuelan, haizearekin borrokan jardun zuten. “Zerbaitegatik deitzen diote Corori haizearen hiria”.

Coroko jendeak “lan asko” egin du grabazioen aurretik Ritaren esanetan. Eszenak landu zituzten, kastina eta entseguak egin zituzten eta film hasiera eta amaierako musikaren zirriborroa prestatu zituzten, besteak beste. “Inplikazio polita aurkitu dugu profesionalen eta ume eta gurasoen aldetik”. Horrek asko animatu du lantaldea. “Etxetik 7.000 kilometrora egon arren zenbait proiektuk merezi dutela esan nahi du, eta giza balioek hemen zein han garrantzia bera dutela, horregatik dira bultzatu beharrekoak”.

Argumentuari dagokionez, bi istorio paralelo garatzen ditu filmak. Une zehatz batean bi istorio horiek elkartu egiten dira eta amaiera berdintsu batera iristen dira: "Futbolaren gainetik beste balio batzuk badaudela, adiskidetasuna eta berdintasuna, baina era berean, futbolak ere balio horiek goresteko balio dezakeela".

Izan ere, egun futbola oso erraz zabaltzen da bai Euskal Herriko zein Venezuelako ume eta gazteen artean. Baina “lehia bezala, batez ere, eta oso era materialista eta indibidualistan”. Errealitate horri buelta eman nahi diote film honekin futbolaren balio baikorrak zabalduz, futbolariei baino taldeari garrantzia emanez. Talde lana, laguntasuna eta genero berdintasuna dira proiektuaren balio nagusiak.

Protagonistak neska euskaldun bat eta mutil venezuelar bat dira. Biak futbolzaleak eta biak taldetik baztertuak. Lehena neska delako eta bigarrena futbolean txarra delako. Eskolan urrutiko ikasleekin komunikazioan jartzeko helbideak partekatzean ezagutuko dute elkar. Futbolaz gain, biek dute beste zerbait komunean, abizena. Nahiz desberdin idatzi, abizen bera dute bi protagonistek. Mezuen bitartez elkar animatuko dute “aurerra egiteko, beldurra baztertzeko eta arazoari buelta emateko”. Ritak kontatu digunez, “nork bere partidua irabaztea lortuko du”.

Eszenetan erabili diren hizkuntzak euskara eta gaztelera dira, hots, euskal haurrek euskara erabiltzen dute eta venezuelarrek, aldiz, gaztelera. Bestalde, filmeko hainbat eszena ez ezik, prozedura eta prestakuntza, iradokizunak, probak, entseguak eta abar ere euskaraz egin dira. Beraz, ekoizpen honek, artistikoa izateaz gain, hizkuntzaren normalizaziorako ere tresna baliagarria izatea du helburu, "era ludiko, aktibo eta dibertigarrian hainbat gazte euskaraz biziko direlako".

Bilbon estreinaldia astelehenean

Filma burutu ahal izateko hainbat kolaborazio lortu dituzte, besteak beste, Venezuelako Kontsula den Yolanda Rojas andrearena. Filmaren estreinaldia gaur egingo dute, hilak 9, Bilboko Kafe Antzokian (19:30) eta Venezuelako Coro hiriko Luces del alba zine jaialdian, aldi berean.

Coro hiriko Centro Nacional Autonomo Cinematograficok (CNAC) konpromiso bi hartu ditu filmarekin. Batetik, Venezuelan zehar barreiatuta dauden kultur etxeetan (parroquía) filma proiektatzeko konpomisoa eta, bestetik, Venezuelako zine areto komertzialetan film nagusiaren aurretik eskaini ohi duten film labur gisa lekua egiteko konpromisoa Dena ez da futbola-ri. “Ea hemen norbaitek Venezuelako adibidea kontutan hartzen duen”, dio Koldok. 

Ondoren, beste hainbat herritara zabalduko da. Gainera, ekoizpen artistiko honekin batera unitate didaktiko bat prestatuko dute, material osagarri gisa, ikastetxeetan eta kultura etxeetan zabaltzeko.

Koldok adierazi digunez, “gure asmoa ez da Oscar sari bat edo dirua irabaztea. Gure helburua filma ahalik eta gehien zabaltzea da”. Horretarako, youtuben eskegiko dute eta zine jaialditara bidaliko dute. “Primeran pasa dugu”, azpimarratu du Ritak. “Esperientzia oso polita izan da bai profesional eta bai pertsonal mailan. Hainbat lagun ezagutu ditugu gurekin bat egiten dutenak hainbat ideietan eta lanerako prest daudenak”.

 

www.kurkuluxetan.org