Atzo arratsaldean, urriaren 5etik abenduaren 18ra arte Euskal Herria zeharkatzen dabilen Emakunderen autobus ibiltaria Bilbon geratu zen, Areatzako aterpeetan. Eusko Jaurlaritzaren Berdintasunerako XII. Foroaren esparruan, Bilboko Udalak 'Andre ta Jabe' programa estrategikoaren lehen edizioaren balantzea egin zuen. Programa horretan Bizkaiko hiriburuko hainbat eragile sozial aritu dira emakumezkoen aurkako indarkeriaren prebentzioaren aldeko bideak eraikitzeko lanetan.
Hitzorduan, Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak, Udalaren izenean, eskerrak eman zituen hirugarren sektoreko erakundeek egindako lanagatik eta herritarrei gonbitea luzatu zien udal programa honen bigarren ediziorako programatu diren jardueretan parte hartzeko. 'Andre ta Jabe' programa azaroaren 10ean aurkeztuko da eta bertan azalduko dira helburuak: gizartearen partaidetza eta sareko lana bultzatzea, eta benetan eta modu eraginkorrean aldarrikatzea modu formalean onartzen diren emakumezkoen eskubideak.
'Andre ta Jabe' 2014an sortu zen emakumezkoen aurkako indarkeriaren eguneroko adierazpenak eta adierazpen sotilak identifikatzeko, horiei buruzko gogoeta egiteko eta desagerrarazteko. Abiapunturik eraginkorrena, prebentzioaren arloan emaitza positiboak lortzeko, gizartearen eraldatzea bultzatzea da, balioen aldaketa, eragile sozial desberdinen inplikazioa eta koordinazioa. Horretarako, Udalak ekimen berritzaile batzuk garatu ditu.
'World Cafe': Eztabaidarako espazioa gizarte arloka
2014an, abian jarri zen lehen ekintza 'World Cafea' izan zen, eztabaidarako espazio bat arlo desberdinetan antolatuta: neska gazteak, mutil gazteak, parte-hartze soziala, artea eta kultura, komunikabideak, kirola, enplegua, maskulinitateak eta politika. Parte-hartzaileek izandako elkarrizketa eta eztabaidetatik ateratako ondorioen artean, agerikoa da beharrezkoa dela jardun bateratua emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasun nabarmenak murrizteko, hainbat arlotan. Era berean, erakundeen inplikazio handiagoa eta baliabideak eskatu ziren, eta gainera pertsonen eta komunitateen inplikazioa ere eskatu zen genero-estereotipoak apurtzeko eta balioen aldaketa eragiteko, gizonezkoen zuzeneko inplikazioarekin eta konpromisoarekin.
Hauek izan ziren mahai bakoitzeko sentsazioak eta interakzioak:
- Komunikabideak: Hauek nabarmendu ziren: datuen ekoizpenean eta aukeraketan, hizkera sexistaren erabileran generoaren ikuspegia falta dela, eta gizonezkoen arloarekin lotutako albisteen sekzioek espaziorik gehiena lortzen dutela.
- Artea eta kultura: Detektatu den indarkeriarik handiena bazterketa da, emakumezkoentzat ez dagoela baliabiderik eta ikusezina dela ekoizpen kulturalean, eta horrek esan nahi du Berdintasun Legea hautsi arren ez dagoela zigorrik.
- Kirola: Beharrezkoa da eta lehentasuna eman behar zaio kirolean gertatzen diren dinamika baztertzaileen azterketa sakona egiteari, eta berdintasunezko ereduen aldeko zuzeneko ekintzen programak landu behar dira.
- Parte-hartze soziala: Indarkeriatzat jotzen da genero-ikuspegia erakundeetan zeharkako gai izateko baliabide ekonomiko gutxi edukitzea. Elkarteen sarearen ustez, emakumeek ez dute sentitzen beren aldarrikapenek eraginik daukatenik benetako politikan eta emakumezkoen interesak tratatzen diren modua paternalista eta sektoriala dela oraindik.
- Arlo sindikala eta lanekoa: Indarkeria mota asko ikusten dira, hitzezko jazarpen edo jazarpen sexualetik hasi eta indarkeria ekonomikora, elkarrizketako indarkeria edo erantzunkidetasunerako eskubideen faltagatik dagoen indarkeria.
- Politika: Gizonezkoen jarrera paternalistak ikusten dira politikan sartzen diren emakumezkoengana, eta horrek esan nahi du kudeaketa-estilo maskulinoak derrigor ezartzen direla, emakumezkoak gaitzesten direla erabakiak hartzeko arloetan eta kudeatzeko beste modu batzuei balioa kentzen zaiela.
- Neska gazteak: Indarkeria emakumezkoen gorputzean erabiltzen den boterean dagoela azpimarratu zen. Sexualitateari buruzko hezkuntza ezinbestekoa da berdintasunean oinarritutako harreman afektibo eta sexualak edukitzeko.
- Mutil gazteak: indarkeriak eta bizitzeko askatasunik eza eragiten dituen maitasun erromantikoa, monogamia eta genero-rolak dira talde horrek identifikatutako hiru arazo handiak.
- Maskulinitateei buruzko mahaia: Gaur egungo indibidualismoak ezjakintasuna eragiten duela, eta aurreiritziak eta sexismoa sustatzen dituela ondorioztatu zuten.