Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketako 27. edizioko Metal modalitateko finala gaur

uriola.eus 2015ko aza. 13a, 10:25

Bilborock Aretoan ospatuko dira Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketako hiru modalitateetako kontzertuen finalak: atzo, hilak 12, Elektronika eta Beste Joera Batzuetakoa; gaur, azaroak 13 Metal modalitatekoa; eta bihar, azaroak 14, Pop-Rock kategoriakoa. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da. Finalak streaming bidez ere ikusi ahal izango dira.

Irailaz geroztik Bilborocken zuzenean jo duten 33 taldeetatik sei iritsi dira finaletara (Pop-Rockeko hiru eta Metaleko beste hiru). Elektronikaren eta Bestelako Joeren kasuan, epaimahai profesional batek zuzenean finalean parte hartuko duten 4 taldeak aukeratu ditu.

Finaletarako sailkatu diren musika taldeak aukeratzeko, epaimahai profesional baten balorazioa hartu da kontuan (15 adituz osatua, modalitate bakoitzeko 5), baita gazteez osatutako epaimahai (3 kide) baten iritzia ere eta publikoak emandako bozka kopurua ere (aurten 672 boto jaso dira guztira).

 

Finalistak

Elektronika eta Beste Joera Batzuk: Evil Pink Machine (Bizkaia), Ghostly Enemies (Bartzelona), Malachi Estereo (Bartzelona) eta Bassboss (Asturias) dira finalistak. Pop elektroniko, IDM, Bass Music eta Downtempo atmosferikoarekin lotutako proposamen esperimentalak eskainiko dituzte.

Metala: Bizkaiko 2 talde aukeratu dira The Flying Scarecrow eta Niketz. Baita Poloniako Manipulation banda. Azken honek metal alternatiboa eta Death Metala ekarriko ditu Bilborockera.

Pop-Rocka: Opatov (Bartzelona) bandaren garaje soinu psikodelikoa izango da, Rosy Finch (Alacant) taldearen grunge eta stoner rocka eta The Fire Tornados (Zaragoza) taldearen garajeko poparen soinua ere entzun ahal izango da.

Antolatzaileek "aukeztutako proposamen guztien kalitatea" azpimarratu dute. "Maila altua izan da aurten ere, sailkapen kontzertuetara hurbildu diren 1.900 lagunek baieztatu ahal izan dutenez".

Inskripzio-fasean 643 taldek eman zuten izena lehiaketaren edizio berri honetan parte hartzeko: 461 Pop-Rockekoak, 130 Metalekoak eta 52 Elektronika eta Bestelako Joeretakoak. Jatorriari dagokionez, berriz, %20 Euskal Herrikoak, %70 estatukoak eta %10 atzerrikoak izan dira.

 

Finalak streaming bidez

Hiru kategorietako finalak streaming bidez ere emango dira, www.concursovilladebilbao.com web orrian sartuta. Bertan informazio guztia eta sailkapen kontzertuetako emanaldiak ere ikusi ahal izango dira bideo bidez.

 

20.700 euro saritan

Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketa 18-35 urteko gazteek osatutako musika taldeei zuzenduta dago. Ekimen honen helburua "gazte hauen lanei laguntzea eta zabalkundea ematea da, estatuko eta atzerriko beste talde batzuekin eszenatokia partekatzen duten bitartean".